Bertsotransaioa egingo dute bihar Igartzan, sei bertsolarirekin
Beasaingo III. Trans Zikloaren barruan, bertso saio berezia egingo dute bihar, Igartzan. Sei bertsolarik parte hartuko dute.
Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Alaia Martin, German Urteaga, Maider Arregi eta Manu Goiogana bertsolariak Igartzako jauregian izango dira bihar, 22:00-etan, III. Trans Zikloaren barruan egingo den Bertsotransaioan. Ekaitz Goikoetxea izango dute gaiak jartzen, eta gairik gehienak «trans munduaren ingurukoak» izango direla aurreratu du. «Berezia da guretzat, urtean zehar gai honen inguruan ardaztutako saio bakarrenetakoa izango da eta aitzindariak gara honetan ere». Iaz egin zuten lehenengo aldiz: «Saio ederra egin zuten bertsolariek eta iazko esperientzia, gaiak, ariketak, abiapuntuak, saio-egitura bizita, aurten gaian areago sakontzeko eta ertz gehiago jorratzeko bide eman nahi diet».
Naizen adingabe transexualen familien elkartekoak ere «esker oneko eta irrikatsu» daudela dio Goikoetxeak, eta «beraiek helarazten dizkidaten zenbait egoera eta bizipenetan ere oinarrituko naiz hainbat gai planteatzeko garaian».