Gazteena ofiziotsuen
Joanes Illarregi leitzarrak irabazi du Osinalde bertso sariketa. Kartzelakoan saioa beheratu aurretik, goitik jardun da. Ane Zuazubiskarri entzuleen saria, eta Amillategiri bertso onenarena
Osinalde sariaren 48 urteko historian lehen aldiz, bertsolari nafar batek irabazi du. Joanes Illarregi leitzarrak jaso zuen larunbat gauean Gabirian lehen saria. Ane Zuazubiskar arrasatearra izendatu zuten entzuleek euren gustukoentzat, paretsu jardun baitziren biak. Bertso onenaren garaikurra, berriz, Ibai Amillategi gernikarrak jaso du, 8ko handian ofiziotan botatako batengatik. Debutariak dira hirurak.
Bertsolari seikotea Eli Pagolak, Oier Etxeberriak eta Danel Olanok osatu dute. Epaile Mikel Mendizabal, Gorka Maiz, Aratz Igartzabal, Eresti Oiarbide eta Lurdes Murua jardun dira, eta Eñaut Asurabarrena aurkezle. Lepo bete da Osinalde elkartea, 180 bat lagunekin.
Mailaz goitik ekin zioten denek. Atsedenalditik aurrera, hustu egin zen puxika. Beheraldi zapore horrekin geratu da Illarregi irabazlea ere: «Hasieran indartsu hasi ginen, ongi eta goitik. Gero, berehaka egin zuen saioak, orokorrean. Batzuk lehenago erori ziren, geroxeago besteak. Nire lanetik, 8ko handiko ariketarekin gelditu nintzen gusturaen, ofizio polita osatu genuen», zioen Illarregik atzo.
Saio ona finalekoa
Sei bertsolariek utzi zituzten printza dotoreak, eta hasierako pultsua ahuldu arren, saio ona izan zen Osinaldeko finala. Amillategiren ateraldiek algara asko eragin zuten. Bakarkako lanean Zuazubiskar ere luzitu zen, eta ofiziotan ere ondo aritu zen.
Lehen partaidetza —eta bakarra— izan du Illarregik Osinalden. Hara iristeko, Aztiriko saria irabazi zuen, apirilaren 13an. «Niri geratu zaidan sentsazioa da Aztirian eta Osinalden, bietan, entzulea ona zela. Plaza ederrak dira, gazteek gutxitan edukitzen dugu halako entzule prestuen aurrean kantatzeko aukera. Joan aurretik entzuna nuen Osinalderen fama, eta ikusi dut baietz, egia dela».
Nafarroako Txapelketaren finalean aritua berriki, 20 urte bete gabea da eta Gasteizen magisteritza ikasten ari da. Sariak eskaintzea ez zaio gustatzen, baina eskertzea bai: «Lagundu didaten guztiei. Leitzan, eta handik aparte, lagun artean aritzen gara». Andre Mari jaietan Gabirian izango da berriz.
Errifen zozketan hauek dira sarituak: 769 (Kortan otordua), 106 (Gabiriako Ostatuan) eta 1101 (Aztiri erretegian). Patxi Iraola hil berria, 1971n lehen irabazlea, oroitu zuten hasi aurretik.