Mirandaola eguna, Santikutz jaiei amaiera emateko
Legazpiko Santikutz jaiei amaiera emateko antolatu dute aurten ere Mirandaola Eguna. 1633az geroztik ospatzen dute legazpiarrek festa hau. Goiz Deia Txistulari Taldeak ekin dio jai egunari 9:00etan, eta prozesioa eta meza egin ostean, 11:45ean harrera egin diete burdinolako olagizonei. Euren lana omentzeko ezpata dantza egin diete dantzariek.
12:00etan jarri dute martxan olagizonek burdinola: agintariek izan dute, lehenik, burdinola martxan ikusteko aukera. Ondoren, bisitari guztientzat ireki dituzte ateak. Burdinolako erakustaldiaren ostean, erromeriari ekin diote. Giro apartean, festak arratsaldera arte iraungo du. Santikutz jaiei agur esateko modu ederra dute legazpiarrek.