Euskal gaztari gorazarre
Euskal Gaztaren azokaren barruan, Xabi Minguezek irabazi du Mami Txapelketa, eta Jesus Aranburuk Gazta Txapelketa Herrikoia. Aritzeder baserrikoak ere omendu dituzte
Euskal Gaztaren azoka egin dute Idiazabalen asteburu osoan zehar. Produktu desberdinen erakusketa eta salmentaz gain bestelako ekitaldiak ere egon dira, gazta eta mami txapelketa eta omenaldiak, besteak beste. Jende ugari gerturatu da azokak zer eskaini duen ikustera.
Beste behin ere gaztagile eta gaztazaleen topagune izan da Idiazabazal, lehen sektorea balioan jartzeko helburuarekin. Hori horrela, ostiralean hasita egitarau bete-betea izan zuten. 20. Mami Txapelketa jokatu zuten ostiralean eta Xabi Minguez izan zen irabazlea. Bigarren postua Juli Imazentzat izan zen eta hirugarrena, berriz, Lurdes Intxaustirentzat.
Txapelketekin jarraituz, igandeko ekitaldirik berezienetakoa Gazta Txapelketa Herrikoia izan zen. Aurtengo irabazlea Jesus Aranburu izan da.
Aritzederrekoak omenduta
Gazta Txapelketako sariak banatu aurretik, Aritzeder baserriko Pedro Katarain eta Maritxu Azaldegiri omenaldia egin zieten. Urte askoan aritu dira lanean gaztaren munduan, eta hori eskertzea zen helburua. Katarainek «Aupa gazta eta aupa Idiazabal» oihukatuz jaso zuen oroigarria.












