Ataunen berdinketa ere jokoan
EH Bilduk eta 1991tik lehen aldiz EAJk kontatuko dituzte botoak, berdintasun historikoa norantz hautsiko. Eduki sozialak dira nagusi bi hautagaitzen eskaintzetan
Ataunen lau urtean behin parean izaten diren bi ildo politikoen berdintasun historikoa da M-26an ikuskizun egongo den arlo bat. 1999an lau botoren aldea izan zen Herrigintzarentzat, 2011n 10ekoa eta 2015ean 9koa Bildurentzat. Herrigintzaren aroa bukatutzat emanda, 1991tik lehen aldiz EAJ bere siglekin irtengo da bozetan, EH Bilduren alternatiba izan nahian.
Ataundar gizonezko bana, ia adinkideak, izendatu dituzte bi alderdiek zerrendaburu: Martin Aramendi Arana (Ataun, 1970) EH Bilduk, Xabier Barandiaran Irastortza (Ataun, 1969) EAJk. Kulturgintzan, euskalgintzan eta publikoki bertsolaritzan du ibilbidea Aramendik; estreinako partaidetza du. Barandiaran alderdiko gizona da, diputatu nagusiaren kabineteburua zortzi urtez, eta unibertsitate irakaslea.
EH Bilduk gizarte politikan, kulturan eta berdintasunean jarri du arreta, baita kirolean eta aisian ere. Zurekin Ataun gara goiburupean, «gutxieneko zerbitzuak auzo guztiek izan ditzaten gogotik» saiatuko da Aramendi. Azken zortzi urteetako udalgintzarekin jarraituz, hobekuntzak eta doikuntzak proposatu ditu.
San Gregorioko Olalde atzean aparkalekua egitea eta Lazkaora arte bidegorria luzatzea aurreikusi ditu. Zergak «gutxi» igotzea (KPIren neurrian beti), herri baratzeak sortzea eta berdintasun batzordea indartzea aipatu ditu EH Bilduk, egitekotzat. Aiara autobus eta mediku zerbitzuak eramatea ere aipatu du.
Etxegintzan, berriak egin gabe, lehen eraikiak berritzea eta hutsak betetzea jarri du lehentasun. «Bakoitzak bere auzoan jarraitzeko aukera izan dezan nahiko genuke, auzoen despopulazioa geldiarazteko». San Gregorioko bikarioetxea eta San Martingo Botika artxibo eta kutur etxe dakusatza EH Bilduk.
EAJk hamar proposamen
Ataun bat eginik leloarekin eta gogo intentsitate bera azalduz, herrian «aldaketa eta bultzada» beharra nabarmendu du Xabier Barandiaranek. Ataun biziberritu eta herritarren lankidetza bultzatu nahi ditu. «Proposamen zehatzak, kudeaketa eraginkorra eta elkarlana» jarri ditu EAJk horretarako errezetatzat. Agintaldi hasieran, Ataungo Egitasmo Estrategia garatuko luke.
Hauteskunde-programa hamar ideiarekin egituratu du. Herritarren parte hartzea udalean, alderdien arteko lankidetza, adinekoen bizi-kalitatea bermatzea eta eskola nahiz kanpoko jarduerak indartzea dira ildo batzuk.
Erabilera anitzeko zentro edo gizarte-etxe berria eraikitzea jarri du azpiegituretan aurrena, bai herribidea «pasealeku eder» bilakatzea ere —EH Bilduk Kaxio ibilbidea Aiaraino luzatzea proposatu du—. Langabezia arintzeko enplegu-sustapen plana, eta herriaren zahartzeari aurre egiteko etxebizitza eskaintza «neurtua» dira EAJren beste bi asmo, «proposamen berritzaile eta aurrerakoidun» programan.