Zaldibian, bi hitz abian
ZALDIBIA. 2015-2019an alkateorde izan den Eztitxu Mujika da EH Bilduren udal taldeko gidarigaia. EAJk lehenengo aldiz osatu du bere izenean zerrenda, Garbiñe Mendizabal buru jarrita
Zerrenda independenteak babesteko aroa atzenduta, EAJk Zaldibian bere izenpean aurkeztu duen hautagaitza da Goierriko berritasunetako bat. 1936ko gerraren ondotik, lehenengo aldiz osatu du plantxa. Garbiñe Mendizabal legebiltzarkide zaldibiarra (Tolosa, 1961) du alkategai, lehen ere Zaldibian Herrigintzan taldearen buru eta zinegotzi sarritan izana.
EH Bilduk Eztitxu Mujika (Zaldibia, 1990) hautatu du 2011n Bilduren proiektuarekin hasitako bidea hirugarren katebegian jarraitzeko. Alkateorde izan da bukatzear den lau-urtekoan. Irakasletza ikasia, «lanean jarraitzeko indarra eta esperientzia» herriak baliatzeko deia egin du. Herriak balia gaitzala hartu du lelotzat EH Bilduk, hain zuzen.
Ezker abertzalea izan da Zaldibian udal indar hegemonikoa 1979tik, 1991-1995eko talde independente baten aldian salbu. EAJk, gaur egun Herrigintzanek dituen bi zinegotziak gehitzeko asmoz, lau zaldibiarrekin eta goierritar afiliatuekin osatu du hautagaitza, Zaldibia bat eginik markapean (alderdi jeltzaleak herri denetan aplikatua).
EH Bilduk «herritarren tresna» gisa ulertzea nahi du udala, zerbitzuak emateko erakunde soiletik harago. Herritarrek «protagonismo handiagoa» izateko bideak jarriko ditu, hartarako. Martxan dauden proiektuak burura eramatea da azpiegitura arloan hartu duen konpromisoa. Plaza inguruaren berrikuntza eta udaletxea eraikitzea, kasu.
Herri lurretan eta Aralarren «oreka eta elkarbizitza» bultzatuko ditu EH Bilduk.
«Ahalduntzea» eta elkarlana dira EH Bilduk praktikarekin indartu nahi dituen bi kontzeptu: kultur eragileekin eta talde guztiekin, adibidez. Aniztasuna, gazteria, hezkuntza eta berdintasun arloak «ertzatik erdigunera» goratu nahi ditu.
Arlorik arlo, lau emakume eta bost gizon, «herritarrekin lan egiteko hautagairik onenak» aukeratu eta izendatu dituela iragarri du EH Bilduk programan.
EAJ, ekonomi jardueratik
Esparru ekonomikoa «bultzatzea» aipatu du EAJk programako hamar puntuetatik lehentzat. Zehaztutako gaiak eta ildo orokorragoak tartekatu ditu plangintzan. Azpiegituretan, autokarabanen aparkalekua eta eliza atzeko pasabidea aipatu ditu, udaletxearen eraikuntzaz gain.
Baserri bideak egokitzeko planean, Olakosaitik Gaztelurakoa ere sartu du. Abeltzainei «Gazteluko giltza bermatu» eta baserritarrei eragiten dieten udal erabakietan beren parte-hartzea bermatu nahi ditu EAJk. Aralarren, lanean duintasunez eta lan baldintza egokiekin aritzeko «ahalegina» egingo du, Mankomunitatearekin batera.
Futbito zelaiari estalkia eraiki, Ordizia-Zaldibia bidegorria eta Osinberdeko ubidera erorketa arazoa saihestea txertatu ditu asmoen artean. Baita Abaltzisketa-Zaldibia senidetza jaia egitea eta hondakinen bilketa-sistema erosoagoa «berraztertzea» ere.