Iker Irribarria buruz buruko hirugarren finala jokatzeko sailkatu da
Iker Irribarria pilotari aramarra buruz buruzko pilota txapelketaren finalerako sailkatu da, herenegun Eibarko Astelenan Danel Elezkanori 12-22 irabazita. Joan ahaltsu dagoela erakutsi zuen Irribarriak, eta Elezkano II.a ezinean aritu zen. Hartara, buruz buruko hirugarren finala jokatuko du ekainaren 2an Bilbon Mikel Urrutikoetxearen aurka. Hari irabazita lortu zuen lehen txapela 2016an (22-13).
Zaratamokoa izan zen markagailuan aurretik jartzen lehena (2-0), eta berdinketa bakarra hirunakoa izan zen, hortik aurrera Aramakoa izan zen nagusi kantxan (7-11 lan erdietan). Sakez hiru tanto egin zituen Irribarriak, eta jokoan hamahiru. Aurtengo txapelketako partidarik laburrena izan da igandekoa (35 minutu), baita pilotakada gutxienekoa ere: 153.
Sakean aspaldi ez bezala asmatu zuen aramarrak, eta horrek frontoian eroso aritzeko modua eman zion. Binakako finala galdu izanaren kolpeari ondo eman dio buelta Irribarriak, eta final laurdenetan Altuna III.a mendean hartu ondoren, berealdiko konfiantzarekin dabil. «Iaz izan nuen blokeotik atera naiz. Eguneroko lanarekin eta partidekin gozatzea da gakoa».
Bost final maila nagusian
Iker Irribarria da gaur-gaurkoz buruz burukoa irabazi duen pilotaririk gazteena, 2016an, 19 urterekin. Hurrengo urtean, binakako txapela jantzi zuen Rezustarekin (22-14 Bengoetxea eta Larunberi), baina buruz burukoa galdu egin zuen Leitzakoaren aurka (22-18). Iaz ez zuen urte ona izan, eta aurten binakako zein buruz buruko finaletarako sailkatzea lortu du.












