Izagirreren esanetan, «gehiengoaren beharrekin bat egiten du EH Bilduk»
Koalizio abertzaleak eskualdeko bi ekitaldi egin ditu Ordizian eta Beasainen Juan Karlos Izagirre diputatu gaiarekin, eta Adur Ezenarro eta Nerea Manzisidor alkategaiekin
EH Bilduk eskualdeko bi ekitaldi egin ditu azken egunotan Goierrin: larunbatean Ordizian eta atzo, Beasainen. Bi herrietako alkategaiekin batera, Juan Karlos Izagirre diputatugaia izan da bi ekitaldietan Gipuzkoarako proiektuak aurkezten, Goierriko hainbat hautagaik babestuta. Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako aldundirako diputatu nagusigaiak maiatzaren 26an botoa ematera joateko deia egin die bertan bildutakoei. «Izan ere, herriarekin konprometitutako herritarrak gara eta gehiengoaren beharrekin bat egiten duen proiektua da EH Bildurena. Jendea irrifartsu dago, bizirik dago eta hori da gure inkesta onena. Benetan esaten dizuet: aukera errealak ditugu Ordizian eta Gipuzkoan lehen indarra izateko».
Izagirreren esanetan, «Gipuzkoar gehienekin konektatzeko programa eta hautagaiak ditugu. Gure nahi, desira eta aspirazioak islatuko diren erakundeak behar ditugu. Bi gauza ezinbesteko: igandean bozkatzea eta EH Bildu lehen indarra izatea».
Ordizian, Ezenarro
Ordiziako Adur Ezenarro alkategaiaren esanetan, «EH Bildun, jendartearen ongizatea norberarenaren aurretik jartzen dugu. Euskal herritarrak biltzen dituen proiektu kolektiboa da gurea. Ideia ezberdinen eta pertsonen errespetutik, gure proposamenak modu baketsuan alda- rrikatzen eta aurkezten duen proiektua». Ordiziako plaza jarri zuen EH Bilduren lan egiteko moduaren eredutzat: «1925ean gure arbasoek Ordiziaren motor ekonomikoa zen azoka babesteko herriko plaza estaltzea erabaki zuten, modu berritzaile eta original batean. Hori da gure eredua, eta hori da Ordiziari eskaintzen dioguna: irudimena eta ideia berriak. Baina zorroztasuna eta seriotasunarekin».
Beasainen, Manzisidor
Atzoko Beasaingo ekitaldian Nerea Manzisidorrek nabarmendu zuenez, «EH Bilduren proiektua ez da talde batek udalean defendituko duen proiektua bakarrik. Berdintasun sozialean oinarritzen den gizarte justu batean amesten dugunon proiektu zabala da gurea». Gainera, «Beasain orekatuago, euskaldunago, jasangarriago eta feministago bat lortzeko» 285 neurri zehatz jaso dituztela nabarmendu zuen. Datorren agintaldirako lehentasunen artean «udal antolaketa aldatzea izango da lehenengo lana. Egun dagoen ereduak, hilean hiru komisioek eta 10 minutuko plenoek, ez dute herritarron eta oposizioaren lana ahalbideratzen». Horrekin batera, Ezkiaga eta Bista Alai auzoak birgaitzea, Bernedo Eneko gune intermodala, irisgarritasun plana eta etxebizitza arazoari irtenbidea emateko proposamenak landu nahi ditu EH Bilduk.













