Olaberrian 4 eta 11 urte arteko umeek udalekua dute udan
Olaberrian udarako aisialdi eta jarduera programa antolatu du udalak. Txiki txoko eta Uda bizi modalitateetan, lau urtetik 11ra arteko neska-mutilek ibili ahalko dute. Ekainaren 25ean hasiko da herriko udalekua, San Joan jaiak amaitu orduko; eta uztailaren 24ra arte jarraituko du, astegunetan, egunero, 10:00etatik 13:00etara.
Txiki txoko egitaraua 4-8 urte artekoentzat izango da. Jolas txokoan elkartuko dira. Uda bizi, berriz, 9-11 urte artekoentzat da. Ihurrezaharra eraikinean ariko dira.
Izena biharko eman behar da
Izen-emate orria bete eta udaletxean utzi behar dute familiek. Bihar bukatuko da epea. Seme-alaba kopuruaren edo programaren arabera aldatzen dira kuotak, Jolas-txokoko bazkide izan ala ez izan ere. Gaur, 17:45ean, pintxo txapelketa dute 9-11 urtekoek, jolas-txokoan.













