Tobera musika eskolak jaialdiak egingo ditu Zegaman eta Seguran
Mutiloa, Segura, Zegama eta Zeraingo Tobera musika eskolak bi jaialdi egingo ditu ikasturteari amaiera emateko. Horietako bat Zegaman izango da eta bestea Seguran. Bi ekitaldi horietan, bigarren maila amaierako azterketa gainditu dutenei diploma emango diete eta musika-hizkuntzako zikloa bukatu dutenei egiaztagiria. Amaieran, musika eskolako ikasleek afari-merienda egingo dute.
Musika eskolako ikasleek Negua joan da ta (Zea Mays), Bidasoatik harago (Xabi Solano), Nire gorputza da (Kantu Kolore) eta Nora (Nogen) joko dituzte, besteak beste.
Zegamako emanaldia hilaren 13an izango da, plazan. Euria egiten badu, Aitxuri ikastetxeko patio estalian egingo dute. Segurako kontzertua, berriz, hilaren 18an izango da. Frontoi zaharrean joko dute. Euria egiten badu, aldundiaren aterpetxean joko dute.
Tobera musika eskolako ikasleek Olaran auzoko jaietan, San Joan suan eta jubilatuen egunean ere parte hartuko dute. Hiru saio hauek Zegaman izango dira.













