Txapela, ez etsitzearen saria
Iker Irribarriak bigarren aldiz irabazi du buruz buruko txapelketa. Final gogor eta ikusgarria jokatu dute Urrutikoetxeak eta biek. Gaur estreinatuko da gorriz
Aurpegian ez zaio halakorik sumatzen, baina grabazioz kanpoko hizketaldietan behin baino gehiagotan aipatu du biharamun hitza Iker Irribarriak. Araman elkartu ditu kazetariak, herenegun Bilboko Bizkaia pilotalekuan irabazitako buruz buruko finalaren inguruko galderak erantzuteko. Biharamun gozoa dauka, irribarretsu eta pozik dago, arindua hartuta. Bigarren aldiz jantzi du buruz buruko txapela, 22 urterekin. Aurrenekoa 2016an izan zen. Eta aurkaria berbera: Mikel Urrutikoetxea.
«Bigarren txapelak zapore hobea dauka, konturatzen zarelako zenbat kostatzen den iristea eta zenbat lan dagoen atzetik. Final bat jokatzea gauza handia da, ez da edozein egoten, eta galduta ere aurrera segituko nuke, dudarik gabe. Buruz burukoak zerbait berezia dauka, urte guztian gorriz, konpromiso asko… Niretzako txapelketarik politena da». Txapeldunak gaur estreinatuko du elastiko gorria, Bergaran ariko baita Zabaletarekin Altuna III.a eta Rezustaren aurka. Ostiralean berriz etxe ondoan, Beasainen, lehiatuko da lau t’erdian Jakaren aurka. San Fermin txapelketako kanporaketa da.
Heldutasun handia erakutsi zuen igandean aramarrak Bizkaia pilotalekuan. Partida maldan gora jarri zitzaion, baina buruari hotz eusten eta buelta ematen jakin zuen. «Behin ere ez da etsi behar, etsiz gero segituan galtzen da partida. Momentu zailak dira, baina esperientziarekin momentu horiek detektatzen ikasten duzu. Hori landu egiten da». Partida ikusgarria izan zen, pilotakada nabarmenekoa, eta emozioz betea. «Gehiena betetzen duena 22. tantoa da». Argi du hori txapeldun berriak.
Udan ez du opor handirik izango «pentsatu dut hiru-lau egun aprobetxatzeko modua izango dela», eta ez du ukatzen udako txapelketaren bat irabaztea gustatuko litzaiokeela. «Aspaldi gorriz jokatu gabe nago, eta ea urte polita egiten dugun».
Tximista, ohiko festaleku
Ordiziako sagardotegia izan da oraingoan ere ospakizunerako biltokia. Gozategiren trikiti doinuak, bertsoak eta sagardoa nahi adina. Garratzik gabeko ajea izan du, haren irri txikia lekuko.












