Jasok inoiz egin duen garabirik handiena eraikiko du Galeserako
Garabiak 500 tona altxatzeko gaitasuna izango du, eta Galeseko Port Talbot hirian dagoen lantegi baterako behar dute. Jaso lantegiarentzat «erronka handia» da egin dioten enkargu hori
Jaso Industrial enpresa goierritarrari inoiz eraiki duen garabirik handiena egiteko enkargua egin dio Tata Steel talde indiarrak. 500 tona altxatzeko gaitasuna izango du garabi horrek, eta Galeseko Port Talbot hirian duten lantegirako behar dute. Kontratua duela urtebete sinatu zuten, baina orain hasi dira Galesen aurreneko muntaketa lanak egiten. Tata Steel-ek Itsasondoko enpresak eskaintzen duen «kalitatea, malgutasuna eta lan egiteko modua» azpimarratu ditu, Jaso aukeratzeko arrazoien artean.
Guztira bi garabi egin eta muntatu behar dituzte. Aurrenekoak dagoeneko muntatzen hasita daude 135 tonako pisua eta 41 metroko luzera du, eta lantegiaren kanpoaldean kokatuko dute. Bigarrena ordea, handiagoa da, eta zailtasun gehiago izango ditu. Izan ere, Jasok orain arte eraiki duen gaitasun handieneko garabia izango da, 500 tonako pisua jasotzeko gai izango baita. Garabi erraldoi hori 2020an bukatuko dute. Logistika izan da beste arazoetako bat, 1.000 tonako gaitasuna duten 40 kamioi mobilizatu behar izan baitituzte piezak garraiatzeko.
Erronka handia
Itsasondoko Jaso lantegiarentzat «erronka handia» da enkargu hori, bere neurriagatik eta baita kokapenagatik ere; gainera, bezeroak «segurtasun eta kalitate arloan eskaera zorrotzak» ezarri dizkiela azaldu dute. Hala, Tata Steel-en eskariei aurre egiteko ahalegin berezia egin behar izan du enpresak, 18 langile berri hartuta.












