«Astean bitan igotzen naiz kanpandorrera erlojuari kuerda ematera»
San Joan egunez Laureano Telleria omenduko du udalak 40 urtez elizako kanpandorreko ordularia mantentzen egindako lana eskertzeko.
San Joan egunean, 12:00etan, udaletxeko balkoian, omenaldia egingo diote Laureano Telleria segurarrari. Segurako Udalak eskerrak eman nahi dizkio 40 urtean, astean bi aldiz, elizako kanpandorrera igoz, herriko erlojua martxan edukitzeagatik. Lan horrezaz gain, Astea Santua eta San Nikolas Txiki eguna antolatzen ere aritzen da segurarra.
Zenbat eskailera igotzen dituzu kanpandorrera joateko?
166. Karakol erakoak dira gainera. 84 urte egin behar ditut eta eskailerak igotzea eta jaistea kosta egiten da.
Astean zenbat aldiz?
Astean bitan igotzen naiz. 40 urte daramatzat horretan.
Zer egin behar izaten zaio erlojuari?
‘Kuerda’ eman. Pisuak altxatu behar izaten dira, pisuek zorua jota, gelditu egiten baita erlojua.
Puntuan ibiltzen al da?
Erlojuak 120 urte dauzka eta zahartu egin da, baina nahiko poliki ibiltzen da bai. Gainean egon behar da.