«Eskolako lanketaren oinarriak musika eta sentitzea dira »
Eli Gordoak (Legazpi, 1973) ingeniari lanak utzi ditu tarte batez musika modu berezian irakasteko. Musikoterapian trebatu da eta sentiaraztea da erakusteko bere lanabesa.
Ingeniaria elektroniko lanetan aritu zara urteetan. Zure aurreko bizitza haren zertzelada batzuk emango zenizkiguke?
Arrasaten ingeniaritza elektronikoa ikasi nuen. Karrera amaierako proiektua Ulma enpresan egin nuen, eta han geratu nintzen lanean. Hogei urte inguruan hala atera dut bizimodua. Lan hori zoragarria izan da. Asko jaso dut; une oro erne egon beharreko lana izan da, bizia, ederra eta interesgarria. Batik bat, logistikako proiektu handiak landu ditut. Biltegi automatikoak sortzen dituen automatikako sailean aritu naiz, definizioak egiten eta programatzen. Ulma teknologia handiko enpresa da.
Eszedentzian zaude orain.
Bai, musikara emana.
Nolatan jauzia?
Musikara lotuta egon naiz haurra nintzenetik. Aita delineatzailea zen eta lanaldiz kanpo gitarra eskolak ematen zituen. Musikarekiko maitasuna transmititu zidan. Gitarra eskuetan nagoela 4 urte nitueneko argazkiak ditut. 15 urterekin sartu nintzen jada Alaitasuna errondailan; aita, Jesus Gordoa, zuzendaria zen. Alabaina, gure aita gaixotu zen eta hil egin zen, 56 urterekin. Nik lekukoa hartu nion eta hamar urtez errondailako zuzendaria izan nintzen, neu ere gaixotu nintzen arte.
Zure gaixotasunarekin hasi zen ikasturte honekin batera egin duzun ofizio aldaketa eta abentura hau?
Bai, nonbait. Gaixotasunak behartuta, urtebetez geldiunea egin behar izan nuen. Halako egoerek bizitza birplanteatzea eragiten dute. Konturatzen zara ez zaudela hemen betiko eta, zure bizitzaren bridak heldu nahian, balantzea egiten duzu. Horretan nengoela musika atera zen; aitzitik, ezberdin atera zen.
Gaixoaldian errondailako bi lagunekin gitarra jotzen hasi nintzen, baina gure erara, gure kaxa. Ordura arte ezagutzen ez nuen beste toki batetik jaso nuen musikaren laguntza. Beste laguntzaile bat ere izan nuen. Hain zuzen, Miren Salmeronen eskutik. Hura sensory awareness-eko [zentzuen kontzientzia] nire irakaslea izan zen. Bide horrek asko-asko lagundu zidan nire burua sentitzen, ni nengoen lekuaz jabetzen eta bizi garen mundu azkar honetatik ihes egiten.
Behin sendatuta, musika eta zentzuen kontzientzia hartzeko baliabideak erakusten dituen eskolari esker etorri al zen aldatzeko erabakia?
Bai, bi erremintak lagun erabaki nuen nik ere zerbait egin nezakeela jendeari laguntzeko. Musikoterapia master bat egiten ari naiz eta zentzuen kontzientziaren gaineko prestakuntza amaitzeko Mexikon egon naiz. Orain neu ere irakaslea naiz, praktikak gidatzen ditut.
Zer da musikoterapia?
Musika da erreminta nagusia. Jaiotzen garenetik gurekin dago musika, amaren sabelean jada. Musika ez da batere inbaditzailea. Hizkuntza bat ezagutu edo ez, musikak beti balio du komunikatzeko. Musikoterapiak, edozein psikoterapiak bezala, pertsonari lagun diezaioke. Pazienteak ez dauka zertan musikaria izan behar; terapeutak, aldiz, bai.
Nola lotzen zaio zentzuen kontzientziaren sustapena?
Nik barruan daukadan musika, musikoterapiak ematen didan jakintza eta, zergatik ez, ingeniaritzatik dakardan ezagutza ere bai, eskaini egiten dut. Naizen honetatik saiatzen naiz laguntzen, bihotzetik lan eginda. Horregatik nire eskolaren logoa bihotza da. Azken batean, gitarra jotzen eta abesten erakusten dut eta, bide batez, nork bere buruarekin konektatzen, baita besteekin loturak egiten ere. Harremanak humanizatzen eta sentimenduak azaleratzen saiatzen gara.
Nola islatzen da hori guztia zure klaseetan?
Gure eskolak koltxonetan etzanda hasten dira. Etzan, sentitu eta norbere tokiaren jabe egin. Kanpoan dagoena kanpoan utzi eta barnearekin konektatzeko aukera da. Klasearen lehenengo zati horretan sentipen ugari ateratzen dira eta taldeko harremanak nola aldatzen diren suma daiteke; partaideek besteen sentimenduekiko gero eta errespetu gehiago daukate.
Ikasturte osoan aritu zara. Nolako esperientzia izan da?
Hamasei ikaslerekin hasi eta 35ekin amaitu dugu ikasturtea. Hau lana da niretzat, baina bizi proiektua ere bada. Hori da nire konpromisoa. Umeak mugitzen sartzen dira eta, etzaten direnean, harrigarria da nola iristen diren euren baitako toki sakonago batetara. Hori ikustea opari galanta da niretzat, eurek ematen didatena.
Uztailean tailerra egingo duzu.
Bai. Sormenarekin eta musikarekin lotutako tailerra egingo dut. Musika oinarri duten dinamikekin gure burua ezagutu, harremanak egin… Finean, lanketa guztiaren oinarriak musika eta sentitzea dira. Areago, askatu sentitu ahal izateko. Oro har, ez diogu gure buruari sentitzeko eta sentitzen dugun hori adierazteko baimenik ematen. Garenari uko ez egiteak erabateko garrantzia dauka, are, aldaketak badatoz hortik etortzen dira.
Zentzuen kontzientziaren gaineko tailerrak ere egiten dituzu.
Bai, hilean behin. Aretoa koltxonetaz bete eta ezer ez ongi nahiz gaizki ez dagoen tokia bihurtzen da. Musika badago, eta gorputzak dioena ere entzuten dugu.
Musika sentitzeko kantu eta gitarra tailerrak aukeran
Amaitzear den ikasturtearekin batera ireki zuen Eli Gordoak bere musika eskola Laubide auzoan. Musika eta soinuak bizitzea nahiz sentitzea dira eskolaren oinarriak eta abiapuntuak. Haurrak nahiz helduak, den-denentzako tokia dago gitarra eta kantua lantzen dituen eskolan. Uztailean ere musika tailerrak egingo ditu. Informazio gehiagorako: 678 319 487.