Denbora gutxian bigarren aldiz puskatu dituzte Euskaberreko oiloen irudiak
Pasa den asteburuan Goizane zentroaren atarian jarritako hainbat oilo eta arraultzaren irudiak desagertu ziren. Asteburu honetan berriz, gelditzen zirenak puskatu dituzte.
Euskaber arraultza enpresak salatu duenez, denbora gutxian bigarren aldiz txikizioak egin dituzte, enpresaren atarian jarrita dituzten oilo eta arraultzen irudietan. Irudi horiek, Lardizabal Herri Eskolako umeek “ilusio guztiarekin” pintatutakoak direla gogorarazi dute. Duela pare bat aste irudi horietako gehienak eraman eta beste herri batean agertu ziren, puskatuta. Orain, “zutik utzi zuten oilo bakarra txikitu” dute.
Inork zer edo zer ikusi edo entzun izan balu, enpresarekin harremanetan jartzeko eskatu dute, 943 16 09 71 telefono zenbakira deituta, edo euskaber@euskaber.eus helbidera mezu bat bidalita.