Irati Zubizarretak Kilometro Bertikalen Espainiako Txapelketa irabazi du
Sierra Nevadan jokatu dute asteburuan Kilometro Bertikalen Espainiako Txapelketa. Irati Zubizarreta beasaindarra izan da azkarrena, 23 urtez azpikoen mailan.
Mexikotik itzuli zenetik, denboraldi bikaina osatzen ari da Irati Zubizarreta korrikalari beasaindarra. Pasa den astean garaipen handia lortu zuen Dolomitetan, Lavaredon (Italia) jokatutako Cortina Skyrace trail proban. Asteburu honetan berriz, beste titulu bat gehitu dio bere palmaresari. Izan ere Kilometro Bertikaletako Espainiako Txapelketa irabazi du beasaindar gazteak, 23 urtez azpikoen mailan.
FEDME Espainiako Mendizale Federazioak antolatuta, Sierra Nevadan (Granada, Espainia) jokatu dituzte Espainiako Txapelketak, mendi proben hainbat modalitatetan. Kilometro Bertikalari dagokionean, 4,8 km-ko luzeera eta 1.050 metroko desnibela duen ibilbidea egin behar izan dute korrikalariek.