'Baserria Ataunen' erakusketa eta bazkaria Ataungo Aian
Haitzarri, Atauniker eta Murkondo elkarteek Arain familiarekin elkarlanean landu eta prestatutako Baserria Ataunen, lehen eta orain erakusketa Ataungo Aiako Erroipen jarriko dute ikusgai. Hilaren 28an goizez egongo da ikusgai, 29an eta 30ean 19:00etatik 20:00etara eta 31n, 10:00etatik aurrera.
Bestalde, San Inazio egunean, uztailaren 31n, urteroko bazkaria egingo dute aiatarrek Haitzarri elkartean, Juan Inazio Begiristain bertsolariaren omenez. 12:30ean Josetxo Munduate bertsolariarekin Aiako bertsolari zenaren hainbat pasarte gogoratuko dituzte bere jaiotetxean, eta Murkondo elkartekoek oroigarri plaka bat ere jarriko dute.
Ondoren, 14:30ean bazkaria egingo dute Haitzarri elkartean. Bazkalondorena Santi eta Katxo trikitilariek alaituko dute.













