Tobera musika eskolak irailaren 10ean hasiko du 2019-2020 ikasturtea
Tobera musika eskolak irailaren 10ean egingo du 2019-2020 ikasturtearen aurkezpena. Egun horretan ikasleei ordutegien berri emango diete.
Irakasle bakoitza bere ikasleekin elkartuko da: 17:30ean Zegamako Aitxuri herri eskolan eta 19:00etan Segurako kultur etxean. Lehenago, irailaren hasieran, musika-hizkuntzako behin-behineko taldeak eta orduak Zegamako Aitxuri herri eskolan eta Segurako kultur etxean ikusgai jarriko dira. Zegamako kasuan, baita euskal dantzetakoak ere. Zeraingoei posta elektronikoz bidaliko diete informazioa, baldin eta uztailean bidalitakoarekiko aldaketarik badago. Taldeak eta ordutegiak irailaren 10etik aurrera izango dira behin-betikoak.
Eskolak irailaren 11n hasiko dira. 2019-2020 ikasturteko leloa Musika KM 0 izango da. Lelo honen helburua Tobera musika eskolak kulturaren eta herrigintzaren alde egiten duen lana aldarrikatzea da. Izan ere, musika eskolan izena ematea Zegama, Segura, Zerain eta Mutiloaren alde lan egitea da.













