Ugazaba berriarekin, Goza ostatua zabalik dago abuztu hasieratik
Margarita Arruti Ibarguren andreari esleitu zion Ezkioko Udalak Goza herri eskolako ostatuaren ustiakuntza uztailaren hondarrean, eta ostatuak ateak be- rriro ireki zituen abuztuaren 2an.
Maiatzaren 16an, udal hauteskundeen aurretik, udalbatzak ordura arteko ostatuaren kudeatzaileari kontratua ez luzatzea erabaki zuen. Arrazoia «zerbitzu eta baldintza batzuk ez betetzea» izan zen, udalbatza berriak gaiaren inguruan sortu den ika-mikaren harira emandako argibide publikoetan jaso dutenaren arabera. Kontratazioa egiteko prozedura berria ireki zuten eta «inori ez zitzaion trabarik jarri aurkeztu ahal izateko».
Ekainaren 28an balorazio fasea amaitu zen eta behin-behineko erabakiaren berri eman zitzaien bi hautagaiei; tartean aurreko ustiatzailea eta semea, zeintzuek sare sozialetan udalbatzaren kontrako salaketak zabaldu zituzten. Udalbatzak emandako argibideak salaketa haiei aurre egitea izan dute helburu. Uztaila osoan itxita, eta orain zabalik dago ostatua jada.













