Beasaingo hizkuntza errefortzurako udal zerbitzuan izen eman daiteke hilaren 20ra arte
2008 eta 2015 urteen artean jaiotako haurrentzako euskararen erabilera indartzea da zerbitzuaren helburua.
Irailaren 23an hasiko du ikasturte berria Beasaingo hizkuntza errefortzurako udal zerbitzuak. 2008 eta 2015 urteen artean jaiotako haurren artean euskararen jakintza eta erabilera indartzea du helburu zerbitzuak. Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute irailaren 20a baino lehen. Izena emateko orriak ikastetxeetan banatuko dizkiete haurrei, eta gurasoek orriak beteta eraman beharko dituzte, Loinazko San Martin plaza azpian dagoen gunera, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Irailaren 19an gurasoei zuzendutako bilera egingo dute, 18:30ean, udaletxeko batzar aretoan.
Udalak jakinarazi duenez, “ikasturtean zehar zerbitzuan gertatzen diren alta eta bajak kontutan hartuta, aurten zenbait irizpide ezarri dira arlo honi dagokion kudeaketa hobetzeko. Asistentzia derrigorrezkoa izango da, eta ikasle batek 4 saio jarraian huts eginez gero, edota hiruhilabetean 6 saiotara joaten ez bada (inolako arrazoirik gabe), baja emango zaio zerbitzuan”.
Bi gune
Loinazko San Martin plaza azpian eta Ezkiaga auzoan eskaintzen dute hizkuntza errefortzu, Ttakun enpresaren ardurapean. Azken urteetan bataz beste guztira 150 haur izan dira zerbitzu honen hartzaileak. “Oro har, haurrei laguntza eskaintzen zaie euskararen ikuspegitik, eskolako lanetan eta euskararen lanketa eskatzen duten dinamika eta jolasetan”. Hizkuntza errefortzurako zerbitzua ekainaren 30a arte eskainiko da.