Hasi da Beasaingo futbolaren festa
2008 eta 2014 urte bitartean jaiotako 642 jokalarik hartuko dute parte; horietatik 175 neskak dira eta 467 mutilak. Igande arratsaldean jokatuko dira finalak. Ekintza osagarri ugari antolatu ditu Beasain Kirol Elkarteak.
15:00ak puntuan zirenean, hasi da Beasaingo Futbol Festa. Asteburu osoan, Loinazko San Martin plazan jarritako bi futbol zelai txikietan, gaur 15:00etatik 20:30era, bihar 09:00etatik 20:30era eta igandean 09:00etatik 14:30era, 2008-2014 urte bitartean jaiotako haurren 153 taldek eta 642 jokalarik kanporaketak jokatuko dituzte. Jokalari horietatik 175 neskak izango dira, eta 467 mutilak. Finalak igandean jokatuko dira 17:00etatik aurrera.
Bestalde, 20:30etik aurrera, Beasain Kirol Elkarteak, mailaz maila, talde guztien aurkezpena egingo du.
Futbolaz gain, hainbat ekintza osagarri ere prestatu dituzte Beasain KE-koek. Gaur, 13:00-etan, Iñaki de Mujikak La Movida Deportiva irratsaioa Urkiola jatetxetik zuzenean egingo du. Bihar, 11:00etan, kamiseta margoketa tailerra egingo dute udaletxeko arkupeetan eta igandean, 13:00etan, penalti eta toke saioak, opari eta guzti.
Ohi bezala, jan eta edateko aukera izango da, plazan bertan jarritako tabernan: hanburgesak, sagardoa txotxetik eta igandean, 14:30ean, paella erraldoia. Gaurko eta biharko afari garaia, musikak girotua izango da.