Musika eskolan Gela Birtuala jarri dute musika lengoia ikasteko
Hastapeneko, lehenengo eta bigarren mailetako 114 ikaslek erabiliko dute metodologia berria. Euskaraz dago. 7.000 euroko inbertsioa egin du udalak
Musika lengoia irakasteko, teknologia berrietan oinarritutako Musika Gela Birtuala metodologia berriarekin hasi du 2019-2020 ikasturtea Loinatz Musika Eskolak. Arantxa Gastesi musika eskolako zuzendariaren esanetan, duela urte batzuk ezagutu zuten Valentziako hainbat musika irakaslek sortutako Aulavirtualmusica metodoa. «Asko gustatu zitzaigun baina ezin izan genuen martxan jarri, euskaraz ez zegoelako». Aurten, ordea, «maiatzaren 31n Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolatu zuen bileratxo bat produktu hau aurkezteko. Dagoeneko, euskaratua zegoen». Beasaingo musika eskolatatik joandako Arantxa Gastesi, Izaskun Insausti, Mari Jose Mujika eta Beatriz Orbea irakasleak «maiteminduta, liluratuta» itzuli ziren Beasainera: «Oso erakargarria da».
Lehenbailehen martxan jartzeko ahalegina egitea erabaki zuten orduan musika eskolako irakasleek. «Baina arazo bat bagenuen, gure urteko aurrekontuan ez zegoela horrelako inbertsiorik aurreikusita». Udalarekin harremanetan jarri eta udalak begi onez ikusi zuen teknologia berrien aldeko apustua egitea. Xabier Matarranz Kultur zinegotziaren esanetan, «musikaren irakaskuntza, metodologia berrienekin egungo behar eta erabilerara egokitzea beharrezkoa baita». Honela, udalak 7.000 euroko inbertsioa bere gain hartuta, metodologia berria martxan jarri dute, musika eskolako musika lengoaiako lehenengo hiru mailetako 114 ikasleekin.
Hiru tablet erraldoi
Horretarako, hiru ikasgeletan tablet erraldoi bana jarri dute. Musika eskolako irakasleen ustez, «onura ugari» ditu liburuarekin batera ikasleek erabilgarri izango duten aplikazioak: «Erakargarria eta dinamikoa izateaz gain, etxean erabili ahal izango dute ikasleek pasahitzarekin eta irakasleok momentuoro ikusi dezakegu zein mailatan dagoen ikaslea».
Liburu bakoitzak 20 atal ditu eta irakasgai bakoitzean Ikasgaiak, Diktaketa, Erritmika eta Teoria landu beharko ditu ikasleak. Ariketa guztiak ondo egindakoan, saria izango dute, Jokoaren atalera iritsita.
Berrikuntzekin jarraituz, datozen egunetan musika eskolaren webgune berria aurkeztuko dute.