Eserita itxaron behar oraindik
Zuzeneko sailkapenik gabe, puntuei begira geratu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bost goierritar. Ordizian izango da larunbatean hirugarren saioa
Haritz Mujika asteasuarra eta Beñat Iguaran billabonarra dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final-laurdenetara sailkatu diren lehen bi bertsolariak. Larunbatean hasi zen txapelketa, final zortzirenetako Oñatiko saioarekin. Herenegun Villabonan jokatu zen bigarren saioa. Bietako aretoak jendeak goraino bete ditu, sarrerak agortzeraino.
Orain arte parte hartu duten bost goierritarrei dagokienez, batzuk aukerarik gabe geratu dira, puntu sorta polita batu dute beste batzuk, eta itxaroan geratu beharko dute besteek.
Maialen Akizu urretxuarrak saio bikaina osatu du, Amasa-Villabonako Gurea antzokian. 432 puntu eta erdirekin, Iguaran garailearengadik 8 puntura eta Iñigo Mantzizidor bigarrenagandik puntu bakarrera geratu da, hirugarren postuan. Puntu-erantzunen ariketan Akizu izan zen onena, eta hamarreko txikian ere ederki borobildu zuen lana.
Koskatxo bat beherago, Iban Urdangarin ataundarra ere txukun jardun da, eta 420,5 puntu baditu. Sendo ekin zion saioari, zortziko handian puntu gehien lortuta. Puntu-erantzunetan ez zuen asmatu, ordea.
Asteburuan lehian zen beste urretxuarra, Amaia Iturriotz, lehen multzotik atzeratu nahi ezta gelditu da, 416,5 punturekin. Oñatin abestu zuen, eta laugarren izan da puntuaketan.
Aratz Igartzabal gabiriarrari (Oñatin 5.a) eta Odei Lopez legorretarrari (Villabonan 6.a) aukerak lurrundu zaizkie.
Ordizian saioa larunbatean
Final-laurdenetara 24 igaroko dira, eta haiei 2015eko postuagatik sailkatutako beste sei bertsolari batuko zaizkie. Oraingo fasean, saio bakoitzeko irabazleak zuzenean lortuko du sailkatzea (zazpi final zortziren dira), eta puntuazioaren araberako ordenan sartuko dira gainontzeko 17ak. Ahalik eta puntu gehien batzea da xedea, beraz.
Txapelketako hirugarren saioa Ordiziako Herri Antzokian jokatuko da, datorren larunbatean, 17:00etan. Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar, Asier Azpirotz, Beñat Lizaso eta Manex Mujika ariko dira bertsotan. Maddi Labakak aurkeztuko du.
Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean erosi behar dira, aurrez. Txartel arruntak 10 euro balio du, Bertsozale Elkarteko bazkide direnentzako 7 euro, eta gazteentzat (6-16 urte) 5 euro.
Txapelketan sartzen seigarren goierritarra Gorka Maiz gabiriarra izango da. Zumaiako saioan kantatuko du, igandean (Aita Mari zinema, 17:00). Ander Lizarralde, Beñat Jauregi, Iñigo Gorostartzu, Jokin Bergara eta Unai Muñoa ditu kantukide.