Usabiaga ahizpak eta Aritz Urra txapeldun pistako txirrindularitzan
Pistako txirrindularitzako Espainiako Txapelketa jokatu da asteburuan Valentzian. Ana eta Irene Usabiaga ahizpa ordiziarrek domina sorta ekarri dute. Aritz Urrak urrea lortu du taldekako abiadura proban.
Ana eta Irene Usabiaga ahizpak sona handiko txirrindulariak dira nazioartean pistako modalitatean. Datorren urtean Tokion jokatuko diren Olinpiar Jokoetara sailkatzea dute helburu, baina bien bitartean lanean jarraitu beharra daukate, duten onena pistan emanez. Eta asteburu honetan Valentzian erakutsi dute ez daudela etsitzeko. Irenek, ahizpetan gazteenak, lau domina kolkoratu ditu (urrezko hiru eta brontzezko bat) eta Anak hiru (urrezko, zilarrezko eta brontzezko bana). Ahizpa ordiziarrez gain, bada beste goierritar Espainiako Pistako Txirrindularitzako Txapelketan irabazle atera dena: Aritz Urra lazkaotarra.
Zazpi domina bi ahizpen artean
Ostiralean Puntuaketan irabazi zuen urrezko lehen domina Irene Usabiagak. “Oso pozik nago urre hau lortu dudalako. Iaz ez ziren gauzak nahi bezala atera, baina aurten dena bikain atera da. Beti esan dut Puntuaketa dela nire probarik gogokoena”, adierazi zuen lasterketa irabazi berritan. Larunbatean, Scratch-ean, podiumeko lehen koska zapaldu zuen berriz Irenek, eta Ana ahizpa sailkatu zen bigarren.
Igande goizean, taldekako abiadura proban, brontzezko domina lortu zuen Ana Usabiagak Ziortza Isasirekin batera lehiatu zuen proban; eta arratsaldean, taldekako jazarpen proban, urrezkoa lortu zuten Usabiaga ahizpek, Aroa Gorostizak eta Ziortza Isasik. Laurak Eustrak-Euskadiko txirrindulariak dira. “Ilusio berezia egin digu garaipen honak. Bizitza osoa daramagu laurok elkarrekin entrenatzen, eta bizitza osoan amestu duguna lortu dugu”, nabarmendu du Ana Usabiagak.
Aritz Urrak, urrezko domina
Goierriko Txirrindulari Bultzatuz-Laboral Kutxako txirrindulari lazkaotarra ere zorioneko zegoen atzo, Euskadiko selekzioarekin taldekako abiadura proba irabazi ondoren. Ekain Jimenez juniorrarekin eta Iñaki Lekuonarekin osatu zuen hirukoa lazkaotarrak.