'Agur Etxebeste' filma Ordizian ikusi ahal izango da asteburuan
Asier Altuna eta Telmo Esnalen film berria estreinaldian emango dute Ordiziako Herri Antzokian, Gipuzkoako beste areto batzuekin batera.
Etxebestetarrak bueltan dira. Aupa Etxebeste! filma errodatu zutenetik 15 urtera, Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek lantalde osoa berriz elkartu eta lehen haren jarraipena izango den Agur Etxebeste! lana osatu dute. Hilaren 27an estreinatuko dute Gipuzkoako hainbat zinema aretotan, tartean, Ordiziako Herri Antzokian.
Filmeko protagonistentzat ere hamabost urte pasa dira lehen abentura haietatik. Patrizio Etxeberriak, osasun arazoak tarteko, alkatetza utzi beharko du, baina familiak herria gobernatzen jarraitzea nahiko du, eta Maria Luisa emazteak hartuko du aginte makila. Honek, ordea, bere modura egin nahiko ditu gauzak, senarra bere onetik ateratzeraino.
Lehen filmeko aktore nagusiek ere errepikatu egingo dute bigarren honetan. Hor izango dira Ramon Agirre, Elena Irureta, Iban Garate eta Pako Sagartzazu.
Hau da Ordiziako Herri Antzokiko asteburuko ordutegia. Saio guztiak euskaraz izango dira, gazteleraz azpititulatuta:
- 27, ostirala: 22:15
- 28, larunbata: 19:30 eta 22:15
- 29, igandea: 16:45, 19:30 eta 22:15
- 30, astelehena: 19:30