Gorka Maiz final-laurdenetan da, Zumaiako saioa irabazita
Gipuzkoako Txapelketan asteburuan kantatu duen goierritar bakarra zuzenean igaro da. Ordizian Beñat Lizaso irabazle. Zumarragan jokatuko da zapatuan saioa
Iratxo Dortoka, Son Goku eta Krilin kamisetaren paparrean ageri zituela, Gorka Maiz gabiriarrak jauzi martziala egin du bertsolaritzako dragoi bolen bila. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final zortzirenen faseak erdibidea gainditu duen saioa irabazi du, Zumaian, igandean. Final-laurdenetan izango da, lehenengo aldiz. Eibarren kantatuko du urriaren 26an.
Saio osoa goitik egin du Maizek. Hamarreko txikian soilik izan da puntuatuena; baina seikotean erori ez den bakarra ere bai. 441 puntu batu ditu, gertutik Unai Muñoa (434,5) eta Ander Lizarralde (432,5) dituela.
«Irabazterik ez nuen espero. Pasatzeko lain puntu aterako nituela bai, baina lehenengo izango nintzetik ez. Zortziko handian ez naiz ondo hasi, txikian askatu naiz, eta puntu-erantzunak gustura egin ditut. Hamarreko txikian Gorostartzu lankidearekin tokatu naiz, gaia ere egokia, eta oso gustura aritu gara biok», azaldu du Gorka Maizek.
Hirugarren partaidetza du Gipuzkoakoan, eta lehen aldiz igaro da final-laurdenera: «Txoratzen nago, espero gabea delako, eta sorpresa polita da. Hurrengo saioa beste kontu bat izango da».
Zumaiako Aita Mari zinema aretoa bete-bete egin da, sarrera guztiak aurretik salduta. «Izugarrizko giroa zegoen, gainera», iritzi dio Maiz irabazleak.
Ordiziatik Beñat Lizaso
Herri Antzokia ere entzulez ia erabat beteta zela, larunbatean Ordizian jokatu zen Txapelketako hirugarren saioa. Beñat Lizaso azpeitiarrak alde nabarmenez (445 puntu) lortu du sailkatzea.
Lan gehienetan puntuatuena Lizaso izan zen; eta izan zen zenetan, lehenagandik oso gertu geratuta. Saio erregularra, segurua eta maila dotorekoa egin du. Asier Azpirotz (423), Ane Zuazubiskar (416,5) eta Manex Mujika (416) izan ziren hurrenak. Aitor Urbieta (402,5) eta Ainhoa Agirreazaldegi (397) aukerarik gabe geratu dira, bien bitartean.
Zazpi final zortzirenetatik lau jokatu direnean, ari da pixkanaka sailkapenaren eten-marra non gera daitekeen bistaratzen. 416 punturen bueltan ari da jartzen puntu bidez igaroko diren 17 bertsolarien salbazio gunea.
Larunbatean, Zumarragan
Datorren asteburuan, Goierri bisitatuko du berriro Txapelketak. Larunbatean Zumarragako Zelai Ariztin da saioa (17:00).
Bi goierritarrek kantatuko dute: Nerea Elustondo legazpiarrak eta Mikel Tapia ataundarrak. Eli Pagola, Iker Ormazabal, Iñigo Izagirre eta Unai Mendizabal dira seikotea osatzekoak. Iker Iriartek aurkeztuko du.
Elgoibarren, igandean, Endika Igartzabal ariko da.