Gure Eskuren Tripontzia, inoiz baino gizenago
Gure Esku egitasmoak Tripontzia gabonetako zozketa eta haren bueltan egindako komiki digitala aurkeztu ditu. Aurten 94.000 euro banatuko dituzte saritan.
Gure Esku Dago egitasmoak martxan jarritako Tripontzia zozketak hazten jarraitzen du urtez urte. Inoizko diru kopururik handiena banatuko dute aurten: 94.000 euro. Horrez gain, beste ekimen bat ere sortu dute, Tripontzia: burujabetzara bidean komiki digitala.
Gaur aurkeztu dituzte zozketa eta komikia, Donostian egindako agerraldian. Komikiaren atzetik, Txakur Gorria sortzaile kolektiboko Ane Labakak eta Nerea Ibarzabalek idatzitako zazpi istorio daude, eta Unai Gaztelumendik egin ditu marrazkiak. Pertsonaia ezberdinen bidez, erabaki txikiek burujabetzaren bidean duten garrantzia azpimarratu nahi dute. Izan ere, Erabaki txiki batekin hasten da dena kanpaina abiatu du Gure Eskuk. Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramailearen hitzetan, “burujabetzaren norabidea eguneroko erabaki txikietan hartzen dugula irudikatu nahi du lanak; eta, beraz, burujabetzaren bidean aurrera egiteko, pausorik txikiena ere beharrezkoa” dela.