Kultur ondarea zaharberritzeko 45.000 euro emango ditu aldundiak
Beasaingo Olaran eraikina, Legazpiko Mirandaola eta Mutiloako Errotatxo konpondu eta doituko dituzte Kultura Departamentuak bideratutako dirulaguntzarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak 44.895 euro bideratuko ditu Goierriko kultur ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko proiektuetara. Beasaingo Olaran fabrika, Legazpiko Mirandaolako teilatua eta Mutiloako Errotatxo konponduko dituzte laguntza horiekin. Izan ere, “kultur balio esanguratsua duten eta kontserbazio, sendotze, errehabilitazio eta zaharberritze ekintzak” behar dituzten eraikinetara bideratu dituzte, lehentasun moduan, egitura, teilatu eta elementu arkitektonikoen zaharberritzea hartuta.
Kopururik handiena, 27.605 euro, Beasaingo Udalak jasoko du, Olaran eraikina egonkortzeko. 2003ko maiatzean, kultura ondasun izendatu zuten Olaran fabrika izan zena, eta monumentu bezala katalogatu zuten Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian. Eraikina zaharra da, ordea, eta urteak daramatza hutsik; hori dela eta, sendotze eta mantentze lanak egingo dituzte.
Bigarren partida, 15.090 eurokoa, Legazpi aldera joango da, eta Mirandaola jauregiaren teilatua konpontzeko erabiliko dute. Mutiloara ere iritsiko da laguntza horien zati bat, 2.200 eurokoa. Errotatxo udalaren jabetzakoa da egun, eta haren berezitasunetako bat da, Donejakue Bideari atxikitako ondasun higiezin babestua dela.
Denis Itxaso Kultura diputatuak azaldu du “ondarea babesteko eta hedatzeko politiken barruan” kokatzen direla laguntza horiek. “Garrantzitsua da ondare hau mantentzea eta gazteek ezagutu ahal izatea, izan ere, Gipuzkoako kultura identitatearen oinarrizko alderdi bat da”. Zentzu horretan, Aldundiari “ondarea babestuz memoria berreskuratzea” dagokiola uste du Itsasok, eta bide batez, baita “gure lurraldeko gizarte eta kultura kohesioa” sendotzea ere.