Agirrezabal eta Zabaleta irabazle Josetxo Imaz lasterketan
Josetxo Imazen oroimenezko lasterketa jokatu da 19.nez. Lehenengo aldiz desgaitasun funtzionala duten pertsonek ere parte hartu ahal izan dute proban
Josetxo Imaz lasterketaren 19. edizioa irabazteko faboritoen artean zegoen Eneko Agirrezabal segurarra eta azkenean, bera izan zen lehenengo sailkatua. 31:15eko denbora behar izan zuen Lazkaon hasi eta bukatu zen 10 kilometroko ibilbidea egiteko. Helmugan bigarren Ander Sagarzazu donostiarra izan zen 31:51eko denborarekin, eta hirugarren David Garzia durangarra 32:26ko denborarekin.
Emakumeen podiuma, berriz, Jone Zabaleta azkoitiarrak (38:11), Nuria Rodriguez (38:51) ororbiarrak eta Izaro Rubio (39:34) ordiziarrak osatu zuten.
Parte hartzeari dagokionez, antolakuntzak 400 korrikalarietara iristea espero bazuen, gainditzea ere lortu zuten, 470 partaide izan baitziren helduen kategorian. Gaztetxoen artean ere parte hartzea kopuru horren bueltan izan zen.
Majori kiroldegiko berrikuntza lanak direla eta, irteera eta helmuga Ordiziako Altamira estadioan izan beharrean, Lazkaon kokatu zituzten. Lasterketaren historian, hori gertatzen den laugarren aldia da. Hori bai, besteetan bezala, Goierriko hiru herri igaro ditu probak aurten ere, Lazkao, Beasain eta Ordizia.
Aipatzekoa da, baita ere, partaideak abiatu aurretik irailean zendu den Tolosa CF Atletismoko Ibon Gonzalez kide ohiarengatik, minutu bateko isilunea egin zutela.
Desgaitasun funtzionala
Bestetik, berrikuntza bat ere ekarri du aurtengo edizioak, izan ere, Gipuzkoan estreinakoz, desgaitasun funtzionala pairatzen duten hamaika gaztek ofizialki lasterketan parte hartzeko aukera izan zuten. Zure irrifarra, nire indarra lelopean abiatu ziren Orkliko langileak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko partaideak.













