«Ispilla kiroldegia hobetzea eta handitzea aztertzen ari gara»
Mikel Serranok (Urretxu, 1972) 11 urte daramatza Zumarragako alkatetzan. Laugarren legealdiari ekin dio. Ez dago nekatuta eta gogotsu ageri da. Gauza asko dituela egiteko dio.
Alkatetzan 11 urte daramatzazu dagoeneko. Ez al duzu nekerik nabari?
Zumarragako alkate izateak dakarren erantzukizunak asko motibatzen nau. Erronka handia da. Gauza asko egin ditugu eta gauza asko daude egiteko oraindik.
Jaiotzez urretxurra zara. Zer eman dizu Zumarragak?
Ez dakit inoiz nire aurretik urretxuar bat Zumarragako alkate izan zen. Zumarragak asko eman dit. Lehenik eta behin, herriko alkate izateko aukera. Zinegotzi batek ez zidala herriak aukeratu esaten zidan. Izan ere, 2007ko hauteskundeetan PSE-EEren hautagaia Anton Arbulu izan zen eta 2008an alkatetza utzi zuen eta kargua nik hartu nuen. Baina harrezkero hiru aldiz irabazi ditut hauteskundeak.
Zer du berezia Zumarragak?
Zumarragarrek sen berezia dute. XIX. mende amaieran trenbidea egin zuten eta ordutik Zumarraga bidegurutzea da. Etorkin asko etorri ziren eta oso herri anitza da. Horrek Zumarragari eta zumarragarrei handitasuna ematen die. Aniztasun horren eraginez ni alkate izatea onartu dute eta horrek harro sentiarazten nau. Asko zor diet Zumarragari eta zumarragarrei. Aldi berean, asko eman diot Zumarragari. 10 urtean bizkartzainekin egon nintzen eta hemen PPko zinegotzi bat hil zutela gogoratu behar da.
PSE-EEk Goierrin duen alkatea bakarra zara.
Irun, Donostia eta Lasarten alkatea izatea eta Zumarragan alkate izatea ez da gauza bera. 2011n Bilduk sekulako gorakada izan zuen eta ia alkatetza guztiak lortu zituen. Ondoren, EAJk alkatetza asko berreskuratu zituen. Hala ere, Zumarragan eutsi egin diogu eta emaitza oso onekin gainera.
Zeintzuk izango dira legealdi honetako erronka nagusiak?
Hirigintzari dagokionez, Plan Orokorra berritu behar dugu. Hemendik gutxira hasiko gara lanean. Egia esan, ez da aldaketa handirik egongo. Ez dago horretarako aukerarik. Bestalde, Muno enpresak trenbide ondoko etxebizitzak amaitzea, Kalebarrenen zaharberritzea hastea eta Eitzaga-Berriko lanekin jarraitzea espero dugu. 400 etxebizitza baino gehiago aurreikusten dira. Bi bloke egin dituzte eta legealdi honetan Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialeko 108 etxebizitza egingo ditu. Bestalde, herriaren goialdearen berritzearekin jarraituko dugu. Esteban Orbegozo auzoa ere zaharberrituko dugu. Auzo hori 1958koa da eta behar handiak ditu.
«Futbol zelaiko belar artifiziala aldatu
nahi dugu Urolaren 50. urteurrenerako»«Kiroldegiaren handitzea atzeko
aparkalekua dagoen tokian egingo da»«2015ean eta 2019an beste inork inoiz
baino boto gehiago lortu genituen»«Ez dakit inoiz nire aurretik urretxuar
bat Zumarragako alkate izan den»
Zer diozu irisgarritasunari buruz?
Datorren urte amaierarako, herriaren behealdea eta goialdea konektatuko dituzten igogailua eta pasarela egingo ditugu. Gainera, Soraluze peatonalizatu, plaza zaharberritu eta Legazpi kalea semipeatonalizatuko du-gu. Horretarako diru laguntzak behar ditugu eta horretan gabiltza. Plazako proiektua errepasatu egingo da, baserritarren gunearen berritzea kontuan izan gabe egin baitzen. Azken berritze honekin lotuta, Zelai Arizti zine ondotik plazara igogailua jarriko dugu, baserritarrek beraiek produktuak erosoago eraman ahal izateko. Gainontzeko herritar guztiek ere erabili ahal izango dute, noski.
Lehen sektoreari dagokionez, ba al dituzue egitasmo gehiago eskuartean?
Bertatik Bertara egitasmoaren aldeko apustua egin dugu eta orain arte bezala baserritarrei laguntzen jarraituko dugu. Merkataritzaren aldeko apustua ere nabarmena da. Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezian horretarako irizpideak markatu ditugu.
Zer diozu kirol instalakuntzez?
Kiroldegiaren hobekuntza eta handitzea aztertzen ari gara. Asmoa kiroldegia atzealdera handitzea da. Atzeko aparkalekua hartuko luke. Hau ere legealdi honetan egingo da. Bestalde, Argixao futbol zelaiko belar artifiziala aldatu nahi dugu. 2021ean Urola futbol taldeak 50. urteurrena ospatuko du eta ordurako prest eduki nahi dugu. Horrekin, oraingoz, bertan egin beharreko lanak bukatuko dira. Aurreko legealdian Luis Urdangarin futbol zelaia egin genuen eta arrakasta handia izan du. Auzotar askok erabiltzen dute.
Zer behar daude kiroldegian?
Aurreko legealdian aldundiko Kirol diputatuarekin kiroldegi berri bat egiteaz hitz egin nuen eta aldundia ez dagoela kiroldegi berriak egitearen alde esan zidan. Laguntzak kiroldegiak handitzeko izango dira. Udalak 300.000 euro inguru jarri ditzake eta aldundiak gainontzekoa. Kiroldegi berri bat egiteko 10-12 milioi euro behar dira eta udalak ezin dio horri aurre egin. Ispillan kantxa berri bat behar da. Urola eskubaloi taldeak geroz eta talde gehiago ditu eta arazoak ditu. Kiroldegiak gimnasio berri bat eta kafetegia ere behar ditu.
Zer diozu geriatriko zaharraz?
Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari gara. Gure asmoa bertan adinekoentzat apartamentu tutelatuak egitea da.
Industria arloaz, zer diozu?
Argixao enpresa elkartearekin harreman sendoa dugu eta industrialdea zaharberritzen ari gara. Horretaz gain, lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egin nahi dituzten enpresei diru aguntzak ematen dizkiegu. Arcelor-Mittal enpresaren lursailari dagokionez, enpresarekin eta Espainiako Industria Ministerioarekin elkarlanean ari gara. Gure asmoa bertan berrikuntza polo bat irekitzea da.
Azken hauteskundeetan zinegotzi bat galdu zenuten. Beste bat galduko bazenute, gehiengoa galduko zenukete. Kezkatzen al zaitu?
Lau legealdi denbora asko dira. Kalera irteteko eta jendearekin egoteko ohitura dut eta gauza askori ezetz esatea tokatzen zait. Ezin baldin bada, ezin da. Batzuk ez dute hori ulertzen eta baliteke hori ordaindu izana. 2015ean inork inoiz baino boto gehiago lortu genituen. 2019an 111 boto gutxiago lortu ditugu, baina oso boto gutxigatik ez dugu lortu zortzigarren zinegotzia. Gainera, beste behin, inork baino boto gehiago lortu ditugu. Horrek lanean jarraitzeko indarra ematen digu. Egunen batean sei zinegotzi bakarrik lortzen baditugu, ez dakit zer gertatuko den. Guk egin dezakegun bakarra lanean jarraitzea da. Hori da arrakastaren formula.
Noiz arte ikusten duzu zure burua alkate bezala?
Oraingoz, 2023ko ekainera arte. Gauza asko ditut Zumarragari eta zumarragarrei eskaintzeko. Askotan esan dute Madrilera joan behar naizela, baina nire hitza betetzen dudala erakutsi dut. Lau urtean behin hitza eman eta bete dut eta oraingoan ere emandako hitza beteko dut. Zumarragako Udala uzten dudanean ere, Zumarragaren interesen alde egingo dut.













