Singular, balio erantsia
'Ni Singular Naiz' kanpaina aurkeztu dute Ordizian, Singular Dendak zigilua duten establezimenduak eta haien bezeroak balioan jartze aldera. Bezeroen artean zozketak egingo dituzte
Gaur ekingo diote tokian tokiko merkataritzaren balioak sustatzen dituen Ni Singular Naiz kanpainari. Hala jakinarazi zuten atzo Ordizian, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Leire Artola Beasaingo alkateordeak, Iñaki Estensoro Lazkaoko Garapen Ekonomikoaren zinegotziak eta Maite Valmaseda Gipuzkoako Merkatarien Federazioko zuzendariak, Singular Dendak markaren Goierriko enbaxadore den Maria Amolategirekin batera.
Goierri behean bederatzi dira Singular Dendak: Ordizian Etxola, Ness, Gofi Berri, Suquia eta Unanue; Beasainen Nagusi optika eta YS harriak eta osagarriak; eta Lazkaon Koboloi eta Miszelania Concept Store. Establezimendu bakoitzak produktu edo zerbitzu bat identifikatuko du, saltokiak transmititzen dituen balioak dituena eta dendan, edonork ikusteko moduko tokian jarriko dituzte, kanpainaren beste elementu batzuekin batera.
Aukeratutako produktu horiekin, bezeroen leialtasuna saritzea da bilatzen dena. Horretarako, Itziar Alduntzinek aurkezten duen Gipuzkoako Kale Nagusia (Onda Vasca) programak egunero helaraziko dizkie entzuleei ekimenean parte hartuko duten establezimenduekin lotutako galderak, eta zozketa egingo dute erantzun zuzena ematen duten entzuleen artean. Gainera, Ni singular Naiz eslogana duten poltsak eskuratu ahalko dira sare sozialen bidez.
Kanpainaren helburuak
Kanpaina horren helburua «Gipuzkoako merkataritza bereiztea, profesionalizatzea eta modernizatzea» da. «Arlo sozialean oinarritzat dituen balioetan posizionatu nahi dugu Singular Dendak marka», esan zuen Merkatarien Federazioko zuzendariak eta «bertako komertzioak eta horiek balio erantsi moduan baloratzen dituzten bezeroen artean konplizitatea sortzea da bilatzen dena».













