Haserreari bide, argiz eta ilusioz
Goierriko Gure Eskuk deituta, dozenaka herritarrek parte hartu dute Txindoki argiztatuz Kataluniako eta Altsasuko herriei elkartasuna adierazteko ekimenean.
Montserrat (Bartzelona) izan zen lehena, Aiako Harriak eta Aloñamendi hurrena, eta haien atzetik Gaztelugatxe, Anboto, Lekeitio eta Urduña Bizkaian, eta Karakate, Deba eta Txindoki Gipuzkoan. Azken zazpi horiek joan den ostiralean, hego haize leunak girotutako urriko azken ostiralean. «Bidegabekeriek sortutako haserrea eta etorkizuna argiztatzeko ilusioa, bat eginda». Gure Eskuk ekimen horiek antolatu ditu Kataluniako buruzagi subiranisten eta Altsasuko gazteen aurkako epaiak salatu eta bi herriei babesa emateko: «Elkartasuna koloreztatu dugu».
Larraizko (Abaltzisketa) aparkalekuan 17:00etan zen hitzordua. Aurrez, eskalatzaileak igoak ziren Txindokiko hegiko eremu zailtsuenak argiztatzeko prestatzera. Azken aholkuak eman, eta taldeka banatuta egin zuten mendirako bidea dozenaka herritarrek; Goierriz kanpokoak dezente, eta gazteak asko. Hasiera batean iragarritako baino ordu erdi lehenago argiztatu zuten (19:30-20:00), Txindokin sekula ikusi gabeko irudia sortuz. Goierriko gainak ere jendez gainezka; ilusioa begietan, hunkidura hitzak ahotan.













