Ataunen jubilatuen bazkariarekin agurtuko dituzte jaiak
San Martin egunarekin bukatuko dituzte festak, gaur. Jubilatuen bazkarian 95 lagun elkartu dira. Artzain txakurren erakustaldia ere egin dute lau artzainek.
Seigarren egunean, gaur bukatuko dira Ataunen San Martin auzoko festak. Eguraldiak umeletik jarraitu du gaur ere, eta plazako karpan elkartu dira ataundarrak, eguerdian. Jubilatuak, batik bat, euren eguna delako. Bittor jatetxean 95 lagun elkartu dira bazkaltzeko. Aurretik, salda hartu dute karpan, Mikel Tapia eta Iban Urdangarin bertsolari ataundarren bertsoak entzunez.
Artzain txakurrek erakustaldia egin dute, tailerreko zubian. Lau artzain aritu dira: Oñatiko Tomas eta Migel, Oteiza nafarra eta Aitor Tato ataundarra. Zortzi minutuko tartea izan du bakoitzak, lehiaketetan ohikoak izaten diren lanak egiteko: txakurrarekin ardi multzo bat zelaiaren bueltan erabili, itxituratik pasarazi eta eskortan sartu eta aterarazi.
Sarako (Lapurdi) alkatea eta zinegotzi bat ere bisitan dira, gaur, Ataunen. Senidetuta daude Ataun eta Sara, eta hango festetan sararrek egin zieten gonbidautza itzuli diete ataundarrek.
Arratsaldean (18:30), afizionatuen pilota jaialdia jokatuko da Auzoeta kiroldegian. Baztarrika-Apezetxea eta U.Alberdi-J. Etxeberria izango da lehenengo partida, promesa mailakoa. Ondoren, Zubizarreta-Uriondo eta Ugalde-I.Martinez ariko dira, elite mailakoak.
Hamaika lehiaketa eta sari
Festetako lehiaketei dagokienez, patata-tortilla lehiaketa Maider Urdangarin eta Intzara Aierbe ama-alabek irabazi zuten, ostegunean, 20 bat tortillaren artetik. Ostiralean bertan, profesionalen pilota jaialdian, Arretxe II.a-Urretabizkaia II.a nagusitu ziren lehen partidan (22-16), Agirre-Erasunen aurka. Estelarrean, Jon Ander Albisu ataundarrak Arteaga II.a aurrelariarekin irabazi egin zuen, 22 eta 16 haiek ere, Urrutikoetxea-Ibai Zabalaren aurka.
Aizkoate elkarteko lehiaketetan, larunbatean, musean Ibai Arratibel eta Josu Munduate izan dira txapeldun. Tokan, berriz, Axier Irazustabarrenak irabazi du lehen saria, Joxemari Barandiaran bigarren eta Eneko Erauskin hirugarren.
Ataungo 10. Mondeju Lehiaketan, igandean, Leire Moreak eskuratu du lehenengo saria, bigarren hirukote bat izan da (Ane Tapia, Egoitz Goikoetxea eta Mikel Dorrontsoro), eta hirugarren Xabier Antza. Zortzi partaide izan dira. Adelita Apalategi Kaxetakoari. oroigarri berezia eman diote, Mondeju Beltzaren Lagun izendatuz. Fermin Jauregi semeak jaso zuen oroigarria.