Bertsoak, festak eta Oteiza
Irrati Bidezko Aizkorpe Bertsolari Txapelketa egin zuten aurrenekoz, Seguran. Ataunen San Martin jaiak ospatzen ari ziren, eta Zumarragan, Antonio Oteizak erakusketa jarri zuen, duela 15 urteko Hitzak jasotzen duenez.
Goierrin aspalditik izan da bertsoetarako joera handia. Bertso saio eta txapelketa ugari antolatu izan dira, eta antolatzen dira oraindik, eskualdean. Horietako bat izan zen Segura Irratiak antolatutako Irrati Bidezko Aizkorpe Bertsolari Txapelketa. Aurreneko edizioa duela 15 urte egin zuten, eta aurreneko kanporaketaren berri eman zuen Hitzak, gaurko egunez. Ekaitz eta Irati Goikoetxea anai-arrebek gidatzen zuten, eta Iñaki Gurrutxagak irabazi zuen lehendabiziko saio hura.
Festa kontuak ere baziren, Ataungo San Martin jaietan, kuadrillen eguna ospatu berri baitzuten. Umeen Egunaren eta Jentilen Etorreraren berri ere eman zuen Hitzak, gaurko egunez.
Zumarragan, Antonio Oteizaren erakusketa zabaldu zuten Itarte etxean, eta artista bera etorri zen bere lanak aurkeztera. Kristoren gurutzea nola irudikatu zuen azaldu zuen, besteak beste. Jorge anaiaz eta bere obraz ere hitz egin zuen.
Kirol kontuei dagokionean, Ordizia Rugby Elkarteak 30 urte bete zituen, eta Jose Luis de Castro taldearen sortzaileetakoa izandakoarekin hitz egin zuen Hitzak.