Euskal kulturak eta elkartasunak bat egingo dute gaur, Ordizian
Ordizia Dantza Kantari emanaldia duela hiru urte sortu zen, Euskararen Egunaren bueltan. Abenduaren 3a gertu da eta aurten ere egingo dute ekitaldia. Herriko abesbatzek ondoen egiten dakiten hori egingo dute, eta herriko dantzariekin ere hala gertatuko da. Euskara ardatz hartuta, elkarlanean, gaur egingo dute kantu eta dantza ikuskizuna, Ordiziako Plaza Nagusian, 19:30ean hasita.
Aspalditik ari dira lanean Amets Bide dantza taldeko adin guztietako dantzariak, Santa Ana abesbatza, Umore Ona abesbatza eta Oroith Txiki abesbatza, herritarrei ikuskizun bete-betea eskaintzeko. Ikasturtea hastearekin batera hasi ziren prestatzen hirugarren Ordizia Dantza Kantari. Izaro Intsausti antolakuntzako kideak esan du «abestiak aukeratu eta talde bakoitza bere aldetik» lanean hasi zela. «Talde asko gara eta jende asko, guztira 100 bat lagunek parte hartuko dugu ikuskizunean». Azken asteetan «denok batera» egin dituzte entseguak. Intsausti «pozik» dago emanaldiak emango duenarekin. «Herritarren gustukoa ere izatea» espero du.
Movemberrekin bat
Euskal kulturaren erakuslehio bakarrik ez, elkartasunerako tartea ere izango da. Izan ere, Movember kanpainarekin bat egingo dute. Prostatako minbizia dutenei eta biktimei dantza egingo diete, besteak beste.













