Urretxu-Zumarragan, 400 postu erosle zain
Santa Lutzi feria egingo dute bihar Urretxun eta Zumarragan. Denetik erosteko aukera egongo da eta hamaika ekitaldi antolatu dute. Renfek eserleku kopurua bikoiztuko du 09:00ak eta 12:00ak bitarteko trenetan
Hemen da Goierriko feria handiena. Gaur Arabako Errioxako ardo azoka eta Luzio Gabiriaren omenezko bertsolari saioa egingo dituzte, motorrak berotzeko, eta bihar ia 400 postu egongo dira Urretxuko eta Zumarragako kaleetan. Denetik erosteko aukera egongo da. Gainera, hamaika ekitaldi antolatu da: musika, aizkolariak, harri jasotzaileak, pilota partidak, idi probak…
Feria astelehenean aurkeztu zuten Urretxuko eta Zumarragako alkateek, Donostian eta Zumarragan. Mikel Serrano Zumarragako alkateak Santa Lutzi feria «erreferentea» dela aipatu zuen. Historia pixka bat ere egin zuen. «Erdi Aroko azoketan soberakinak saltzen ziren. Feria hau hasieran Ezkion antolatzen zen eta XVIII. mendean Urretxura pasa zen. Zumarragara zabaldu zen eta 1960ko hamarkadaren amaieran bi herrien arteko elkarlana hasi zen. Santa Lutzi feriaren inguruko elkarlana beste esparru batzuetara zabaldu zen. 1994an kolaborazioa sakondu egin zen eta lehiaketetako oinarriak adostu genituen».
Aurtengo edizioari buruz ere hitz egin zuen. «Neguko lehen feria da, eta baserritarrak eta kaletarrak elkartzeko balio du. Aurten ia 400 postu egongo dira, horietatik 258 Zumarragan. Feria hau berezi egiten duena ganadua da. Aurten 150 abelburu inguru egongo dira. Zelai Arizti pilotalekuko artisau feria ere azpimarratu nahi dut. Izan ere, 61 postu egongo dira. Iaz baino 13 gehiago».
Serranok bertsolari jaialdia eta idi proba saioa ere nabarmendu zituen. Bertsolari jaialdia gaur izango da, 20:15ean, Zelai Arizti aretoan. Amaia Iturriotz, Nerea Ibartzabal, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colinak abestuko dute. Iturriotz urretxuarra da eta Ibartzabal markinarraren ama Fina Salegi zumarragarra da.
Idi proba saioari dagokionez, bihar arratsaldean izango da: 18:00etan Euskadi plazan. Zumarragako Santa Isabel jaietan eta Urretxuko Santa Anastasia jaietan lan onena egin zuten idiek parte hartuko dute: Asier Izagirre, Asier Zubillaga eta Iñaki Irigorasenak.
Luquik ere bi herrien arteko elkarlana goraipatu zuen. «Feria osoa da. Ez litzateke hain garrantzitsua izango bi herriok elkarrekin antolatuko ez bagenu. Herri batean eta bestean antolatzen diren ekitaldiak osagarriak di-ra», aipatu zuen.
Urretxuko ekitaldiak
Urretxun antolatzen diren ekitaldi garrantzitsuenak errepasatu zituen. Hasteko, gaur arratsaldeko eta bihar goizeko ardo azoka. Arabako Errioxako 15 upategik parte hartuko dute. Basoerdiak euro batean salduko dira eta botilak eta kaxak erosteko aukera ere egongo da. Bestalde, gaur 19:00etan ardo dastaketa egongo da udaletxean. Beti bezala, dastaketa Manuel Ruiz errioxarrak gidatuko du. Luquik gizon hori dagoeneko urretxuarra ere badela esan zuen.
Urretxuko alkateak ezti lehiaketa, herri kirol erakustaldia eta pilota partidak ere aipatu zituen. Ezti lehiaketan Goierriko ekoizleek parte hartuko dute eta hiru finalistak Zegamako Erlezain Eguneko Gipuzkoako txapelketara sailkatuko dira.
Herri kirol saioa 12:30ean izango da, Ederrena pilotalekuan. Hiru aizkolari bikotek eta bi harri jasotzailek parte hartuko dute. Pilota jaialdia, berriz, 17:30ean hasiko da. Hau ere Ederrena pilotalekuan izango da.
Bi alkateek jendea Urretxura eta Zumarragara etortzera gonbidatu zuten eta garraio publikoa erabiltzea gomendatu zuten. Renfek eserleku kopurua bikoiztuko du 09:00etatik 12:00etara bitarteko trenetan.