Gorka Izagirre txapeldun Ormaiztegiko 49. Ziklo-Kros lasterketan
Astana taldeko Izagirre anaiak izan dira gaurko protagonistak.
2019-2020 denboraldiko 19. eta azken ziklo-kros lasterketa izan da gaur goizean lehiatu dena. Antoneneko jaitsiera moldatu duten arren, 2.500 metroko ibilbidea beti bezain bizkorra izan da aurten ere.
Hasieratik, Gorka Izagirrek hartu du mendean lasterketa baina hirugarren bueltan erorikoa izan du eta azkeneko bietan estutuz lortu du azkenean garaipena Ion anaia bigarren postuan utziz. Podiuma, Ismael Esteban kantabriarrak itxi du.
Gipuzkoako txapelketa ere jokatu da gaurkoan Ormaiztegin. 23 urtez azpikoen mailan, zortzigarren helmugaratu den Mikel Mujika (Eibar Energía Hiria) eta Elite mailan, Asier Arregui (Bizikleta.com) izan dira sailkapen honetako buruak.
Master 30 mailan, Jon Urteaga idiazabaldarra izan da Gipuzkoan lehena. Xabier Mendiaraz goierritarra, berriz, izan da Master 50ean garaile.
Emakumezkoetan Paula Sanz (Laboral Kutxa) izan da bere kategorian nagusi, parekorik ez duela erakutsiz. Bigarren eta hirugarren Mónica Carrascosa eta Edurne Izcue helmugaratu dira hurrenez hurren. Lehen gipuzkoarra berriz Junior mailan Lur Zufiria izan da.
Bestalde, Jose Maria Basualdo ziklista ohi arabarra omenduko dute sari banaketan 1970. urtearen bueltan, euskal ziklo-kroseko izarretako bat izateagatik.













