Arto opila, neguko janari preziatua
Berezko egunean egin da azoka; bitan asteartez izandakoaz ez dute bilan baikorra egin saltzaileek. Arkumearen prezioa egonkortu da.
Ohiko barazki eta frutaz gain, bada garai honetan estimazio handia duen jaki bat: arto opila. «Negu giro hotzarekin askoz gehiago saltzen da», dio Maite Iturbe okinak. Atzo, Ordiziako azokara etortzen hasi zeneko 9. urteurrena zuen. «Oso gustura nago hemen, beti ondo» esaten zigun. Forma ezberdineko gari ogi zuria, integrala, gatzik gabea, pastak eta madalenak ditu urte osoan. Neguan, arto opila.
Goizean goiz oraindik ere lurrina dariela ekartzen ditu dozena erdi bat arto opil eder, eta salmahai gainean jarri orduko, «Nik egunero jango nuke gosaltzeko arto-esne zopa» bezalakoak entzuten dira. Batez ere adinean aurrera doazenak omen dira erosle fidelenak Maitek dioenez. Glutenik gabeko irina da artoarena, aproposa beraz zeliakoentzat. Izan ere, arto irina, ura eta gatza beste osagairik gabe egina baita. Eta goizaldean egin berria ekartzen du, «asteazken eta ostegunetan 01.00ean jaikitzen naiz eta gainerako egunetan 02:00etan. Egin berri-berriak dira», zioen Maitek. Ordutegia ez bada ere eraman erraza, ondo hartua dio puntua Udanan labea duen okinak: «Siesta ederra egiten duk gero, eta ni gustura aritzen naiz lan honetan».
Mokotxoa, azken sagarra
Jose Antonio Elosegiren postuan ikusi dugu Gabiriako Oñatibitxikiko mokotxoa sagarra. Mota honetako arbola asko galdu da. Itxuraz ez da hain sagar dotorea, orbain beltz antzekoak ditu, gustuz, berriz, neutroa dela esan genezake, ez gazia ez gozoa, tartekoa baizik. Duen bereizgarritasun nabarmenena da ondo irauten duen sagarra dela, eta biltzen den azkena. Hemengo sagar denboraldia luzatzea ziurtatzen duen sagarra. «Beste denak bildu arte hauek ez ikutu». Agindu hori garbi asko ematen omen du Juan Elosegi aitak. Berak orain dozena bat urte edo txertatutakoen fruitua da oraintxe plazan eros daitekeena (2,5€/k). Hau ez ezik, Granny Smith, erreineta grisa, golden, errezila, bella de boskoop, jumbo… eta bakoitzak etxeko sagartzat dituen beste zenbait mo-ta bakoitza bere izenarekin oraintxe aukeran. Udare eta mizpira gutxi batzuek eta kiwiek osatzen dute hemengo fruta freskoen eskaintza.
Arkumearen prezioa
Momentu gorena pasa da. Hemendik aurrera hauxe izango da finkatutako prezioa: 3,15€/k, bizirik pisatua, + BEZa.