Bost zauritu larri, Zumarragan izandako trafiko istripuan
Argisaoko tunelaren irteeran, Beasaingo norabidean izan da ezbeharra, behelainoak eraginda. Hamaika ibilgailuk talka egin dute eta horietatik lau kamioiak dira
Atzo, goizeko 10:00ak aldera, trafiko istripua izan zen Zumarragan. Bergaratik Beasainera doan A-636 errepidean, hain zuzen ere. Hamaika ibilgailuk elkar jo zuten, antza denez, behelainoak eraginda. Zaurituak hamar izan ziren. Horietatik bost larriki zauritu ziren. Trafikoa eten eta Eitzagako errepide zaharretik desbideratu zuten.
Istripua Beasaingo norabidean izan zen, Argisaoko tunelaren irteeran. Hamaika ibilgailuk talka egin zuten. Horien artean lau kamioi zeuden.
Hamar pertsona zauritu ziren, horietatik bi oso larriki, hiru larriki eta bost arinki. Larriki zaurituak Donostiako ospitalera eraman zituzten eta arinki zaurituak Arrasatekora. Ertzaintzak ikerketa abiatu du.
Auto ilarak
Istripuaren eraginez, autobidearen bi errailak moztu zituzten eta trafikoa Zumarragako Euskal Herria hiribidetik eta Eitzatik desbideratu zuten. Ondorioz, Zumarragan auto ilarak sortu ziren. Autobidea itxita egon zen ordu luzetan, Beasaingo norabidean. Arratsaldeko 16:30ean ireki zuten.