Zumarragako lau jokalari Sestao-Athletic derbian
Larunbatean Sestaok eta Athleticek Kopako bigarren kanporaketa jokatuko dute. Bizkaiko derbia. Baina Zumarragako derbia ere izango da. Izan ere, Sestaon eta Athleticen bina zumarragar daude.
Larunbatean Sestaok eta Athleticek Kopako bigarren kanporaketa jokatuko dute, Las Llanas zelaian. Partida honek ikusmin handia piztu du Bizkaian, baina baita Zumarragan ere. Izan ere, Sestaon eta Athleticen bina zumarragar daude: Oskar Martin eta Jon Manuel batean eta Mikel Balenziaga eta Dani Garcia bestean. Lauak Urolaren harrobikoak dira. Partida 19:00etan hasiko da eta Cuatro katean emango dute.
Beteranoena Oskar Martin aurrelaria da. 36 urte ditu jada, baina aurreko denboraldian 18 gol sartu zituen. Partida jokatzeko irrikatan dago, noski. «Lugo kanporatzea sekulakoa izan zen, baina hau demasa da. Teorian ez dugu irabazteko aukera handirik, baina dena ondo egiten badugu eta zortea lagun badugu… Gol erabakigarria sartzea sekulakoa izango litzateke».
Dani Garciaren lagun mina da Martin. «Partida amaieran Daniri eskatuko diot kamiseta. Bere kamiseta asko ditut, baina larunbatekoa berezia izango da. Berak ere nirea nahi du. Ez genuen uste elkarren aurka jokatzeko aukera izango genuenik, eta Kopako kanporaketa batean neurtuko ditugu indarrak!».
Beste hiruentzat hitz politak besterik ez ditu. «Danirekin Alacant taldean jokatu nuen eta sekulako erdilaria da. Mikel oso hegaleko ona da. Sansen zegoenean bere aurka jokatu nuen. Jon ere oso ona da. Gazteena da. Ea zortea duen eta gora egiten duen. Sestaon berak eta beste hamarrek jokatzen dute».
Balenziaga da bigarren beteranoena: 32 urte egingo ditu otsailean. «Oso partida berezia da Athleticeko jokalariontzat, baina bereziki Dani eta niretzat. Ea lauok jokatzeko aukera dugun».
Beste hirurak ondo ezagutzen ditu. «Oskarrek urte pila bat daramatza futbol munduan. Toki askotan egon da eta toki guztietan golak sartu ditu. Joni dagokionez, nire postu berean jokatzen du. Fisikoki sekulako animalia da. Futbolean jokatzeko oso adin egokian dago, esperientzia hartzen ari da eta oraindik asko egin dezake. Daniri dagokionez, zer esan… Aldagelan giro ona jartzen du eta zelaian asko ematen digu. Golak sartzen dituztenak hartzen dituzte aintzat, baina Athleticen Daniren postua oso garrantzitsua da».
Dani Garciaren hitzak
Balenziagak Kopako lehen kanporaketa jokatu zuen. Dani Garciari, ordea, Garitanok atseden eman zion. Oraingoan zelaira ateratzea espero du. «Partida polita izango da eta jokatzea espero dut. Oskarri eta Joni ostikoren bat ematea tokatzen bazait, ez dut zalantzarik izango. Oskar sekulako jokalaria da eta adinean aurrera doan arren, golak sartzen jarraitzen du. Jon oso langilea da eta gainera kalitatea du. Mikeli dagokionez, nik bezala, egunero topera entrenatzen du eta beti maila ematen du».
Jon Manuelek ere jokatzeko gogo bizia du. «Lauok zelaian elkartzea oso polita izango litzateke. Oskar sekulako goleatzailea da. Esperientzia handia du eta gure taldeari asko ematen dio. Mikeli dagokionez, sekulako fisikoa du: azkarra eta indartsua da. Oso zaila da berari izkin egitea. Dani, berriz, zelai erdiaren jaun eta jabe da. Baloi asko lapurtu eta gutxi galtzen ditu. Taldeari oreka ematen dio».