Udal langileen talde murritzari «erantzuna» emateko erabakia hartu du udalak
Borondatezko erretiroa dela eta, hiru udaltzain gutxiago daude Beasainen. Udaltzainburuaren lekua ere betetzeko dago. Oposizioa aurka dago « langileen eskubideak urratzen» dituelako
Beasaingo Udaltzaingoaren langile taldean sortutako «egoera kaxkarrari» aurre egiteko helburuarekin, abenduko osoko bilkurak Giza Baliabideen Arrazionalizazio Programaren akordioko puntu bat aldatzeko proposamena onartu du, EAJko 10 botoekin; EH Bilduk eta PSE-EE aurkako botoa eman dute.
Aitor Aldasoro alkatearen esanetan, azken urtean udaltzainen artean borondatezko erretiroa hiru langilek hartu izanaren ondorioz, gaur egun, 15 udaltzain egon beharko luketen lekuan, 12 daude: «Hiru plaza gutxiagorekin zerbitzuaren prekarietatea dakar. Abenduko aste batean, adibidez, 7 aritu ziren lanean, horrek esan nahi duen guztiarekin». Iker Barriocanal udaltzainburuak gainera, kargua uzteko asmoa azaldu du.
Beraz, Udaltzaingoan dauden hutsuneak «modurik azkar eta onenean» bete ahal izateko, 2014an Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Akordioan aho batez onartua izan zen puntu bat aldatzea erabaki da. Orain arteko testuaren arabera, «administrazioak une horretan dituen beharren inguruan hausnarketa egin eta plaza hornitzea erabakitzen bazen», langile berriaren hautaketa moduaren hurrenkera ondorengoa izango da: langileak berresleitzea, barne promozioa eta txanda irekiko oposizioa edo oposizio lehiaketa. Egindako aldaketarekin, ez da hurrenkera hori jarraitu beharrik izango: «Lanpostu hori betetzea egokia dela ondorioztatzen bada, lanpostuaren baldintzak eta ezaugarriak aztertuko dira, bai eta sistema egokia ere, zerbitzuaren beharren, lanpostuaren ezaugarri berrien eta lanpostu hutsa sortzen den unean dagoen plantillaren arabera».
Alkatearen esanetan, aldaketa horrek akordioa «aberastu» egiten du: «Neurri horrek aurreko akordioa aberastu egiten duela uste dugu eta ez duela murrizten. Egoera jakin bati irtenbidea emateko balio du». Izan ere, udalaren esanetan, «urgentziaz, udaltzainen zerbitzua osotasunean ematea da helburua. Horretarako, deialdi publikoa egingo da bai udaltzain buru bat ekartzeko, baita besteak betetzeko ere. Horrez gain, 16.a ere ekartzea (bat gehiago) ere bada helburua, udaltzaingoak 365 eguneko zerbitzua emateko».
Oposizioa aurka
Oposizioko bi taldeek aldaketaren aurka bozkatu dute. EH Bilduko Hasier Agirreren esanetan, «lehen aho batez hartutako akordioa zena, orain langileen batzordearen eta oposizioaren babesik gabe onartua dena izanda, akordioa aberastu dela esatea…». Agirrek gaineratu duenez, «gaur egungo udaltzainentzat eskubide murrizketa bat da, atzerapauso nabarmena dago: barne promozioz igotzeko aukera zeukatenei, orain desagertu egiten zaie». Alkatearen arabera, «langileen eskubideak okerrera egiten dutela esaten da, baina, Udaltzaingoaren alde egitea da helburua. Salagarria iruditzen zaidana da langileak egoera prekario batean edukitzea. Gainera, barne promozioaren bidez agente soil batek udaltzainbururako promozio hori egin beharko balu, horrek esan nahiko luke beste urte bete bat gehiago egongo ginatekeela agente bat gutxiagorekin, eta egoera prekarioagoan».
PSE-EEko Eva Alvarezen ustez, «unilateralki» hartutako erabakia da , «langileen eta sindikatuen iritzia kontuan hartu gabe hartu delako», eta lanpostua betetzeko orain arteko hurrenkera mantendu beharko litzatekeela uste du, «barneko promozioa bultzatu behar dela uste dugu. Hori ez jasotzeak langileen eskubideak urratzen ditu».