Astoa protagonista Lazkaoko kaleetan zehar
Luis Arakistain errezildarraren astoak izan dira epaimahaiarentzat ederrenak. Bestalde, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalisten saioa egongo da gaur arratsaldean.
Egun berezia da lazkaotarrentzat urtero ospatu ohi den Astotxo Eguna.
Tradizioari eutsiz, Antsoategi elkarteak Gipuzkoako asto ar eta eme onenak aukeratzeko lehiaketa egin du. Plazan denera 150 asto bildu dira eta bertara gerturatu direnak, astoei jaten emateko eta hauek ukitzeko aukera izan dute.
Goiz eguzkitsu baina hotzari aurre egiteko salda beroa ere eskaini dute, musu-truk, astoen erakusketaren alboan. Gaurko egunean hain ospetsuak diren olatak ere saldu dituzte gaurkoan, 12:30etarako alerik gabe geratuz.
Lehiaketari ekin baino lehen, albaitariek Enkarterri arrazako astoak kalifikatu dituzte. 18 emetik 15ek lortu dute kalifikazio ofiziala, arretan berriz, 5etik 4k.
21. Gipuzkoako asto ar eta eme lehiaketa
Parte hartzeari dagokionez, 40 asto eme heldu, 4 ar heldu, 9 eme gazte eta 5 ar gazte aurkeztu dira lehiaketara.
Aurtengoan lau sailkapen nagusi egon dira:
- Asto eme heldu onena (+30 hilabete dituztenak): Argi astoa, Luis Arakistain.
- Asto ar heldu onena (+36 hilabete dituztenak): Leontzio astoa, Ioritz Garmendia.
- Asto eme gazte onena (12-30 hilabete bitartekoak): Silvestrina astoa, Luis Arakistain.
- Asto ar gazte onena (12-36 hilabete bitartekoak) Bittor astoa, Luzio Jauregirena.
Asto onenek 300 euro eta ohorezko zintzarria jaso dute.
Egiptorako Ihesa herri antzezlana
150 herritarrek eman diete bizia 2.000 metro koadrotan taularatu den antzezlan herrikoiari. Bertan, Lazkao goiz batez duela bi mila urteko Judea erreinuan bihurtu da eta pertsonaien bitartez Maria, Jose eta Jesusen ihesaldia hobeto ulertu izan dute herritarrek. Zawopi taldeak antolatutako ikuskizuna da Egiptorako Ihesa antzezlana.