Trukegunearen epea luzatu egingo dute izan duen «arrakastagatik»
Ordiziako Udalak Trukegunea ekimenari jarraipena ematea erabaki du. Pasa den azarotik dago martxan. Europako hondakinen murrizketa astearen baitan ekin zioten, Kutxa ekoguneak sortutako eta bultzatutako Trukeguneari eta urtarrilaren 7ra arte egotea zen asmoa. Udalak esan du ekimenak sortutako erantzun arrakastatsua dela eta, epea luzatu egin dutela. Oraindik ez dute zehaztu noiz arte egongo den, beharraren arabera egingo dute.
Maitane Alvarez alkateordeak esan du «ordiziar asko izan dira Trukegunera gerturatu direnak eta etxean erabili gabe zituzten objektuei bigarren bizi, erabilpen bat emateko hautua egin dutenak. Dudarik gabe, eskertzeko jarrera da, eta gogorarazi nahi diegu oraindik ere badutela denbora ekimen honekin bat egiteko».
Herritarrek trukegunean utzitako objektuak, denbora tarte batean zehar egongo dira eskuragarri. Behin epea beteta, inork ez baditu hartu, elkarte batetara bideratuko dituzte berrerabilpena bermatzeko.












