Ataunen hasi da Emakume Master Cup pilota txapelketa. Bost partida jokatu dira, hiru maila ezberdinetan. Arantxa Arratibel ataundarrak eta Aisha Etxeberria amezketarrak 18-3 irabazi dute Udane Bergara eta Alaia Ruiz de Infanteren aurka. Uxue Azkonobieta ataundarrak, berriz, 18-5 galdu du buruz burukoa Ane Urkizuren kontra.
San Sebastian jaietako lehenengo eguna ospatu dute Garingo auzotarrek. Herri bazkaria egin dute eguerdian, eta ondoren mus txapelketa. Gurutze Mujika margolariak bere lanak jarri ditu ikusgai Garingo Elizan; bihar arratsaldera arte egongo da erakusketa. Olio-pinturaz egindako lanak dira, eta natura irudikatu du denetan.
Amaia Barandiaran, Iker Urteaga, Jose Mari Martin, Aitor Mujika eta David Gutierrez izan dira saridunak. Diploma eta txamarra bana jaso dute irabazleek. Gainera, kiroldegirako urte osorako bi harpidetza, bi pertsonentzako Ehunmilak proban parte hartzeko dortsalak eta beste 5 lasterketetan izen ematea zozkatu dituzte irabazleen artean.