Goierriko turismo eskaintza Fiturren izango da, aurten ere
Goitur turismo agentziak Euskadik izango dituen hiru standetan izango du presentzia, 22tik 26ra Madrilen egingo den Fitur azokan.
Goitur Turismo Agentziak eskualdeko eskaintza turistikoa Fitur nazioarteko turismo azokara eramango du, 24. urtez jarraian. Hilaren 22tik 26ra bitartean egingo dute Fitur azoka, Madrilen, eta Euskadiko stand-aren barruan egongo dira eskualdeko ordezkariak.
Euskadiko eskaintza hiru sailetan banatuko dute aurten: hiriburuak, touring-a eta informazio orokorra, eta Goierrik denetan izango du presentzia. Hiruburuei dagokionean, Donostia turismoko bazkide da Goierri, eta bertako eskaintza turistikoaren barruan agertzen da eskualdekoa ere. Touring-ak Euskadin barrena egin daitezkeen ibilbideak eta destino ezberdinen inguruko informazioa eskaintzen du; bertan, Goierriko jatetxe, alojamendu, museo, errekurtso eta produktu turistiko guztiak ezagutzeko aukera izango da. Eta azkenik, informazio orokorraren mahaian, Goierri Gastronomika egitasmoaren inguruko informazioa jaso ahal izango da; jatetxeez gain, lehen sektoreko ekoizleak, komertzioak eta produktu gastronomikoak agertzen direlarik. Basque Highlands mapa ere bertan izango da eskuragai, naturari buruzko mahaian.
Horrez gain, Euskadi mailako gida desberdinetan aurki daitezke Goierriko produktu turistikoak, familia turismoa, industriala, ibilbideak edota ekoturismoa bezalako ataletan; baita Donostia Turismoko eta Gipuzkoako gida orokorretan ere.
Fitur azoka, informazioa emateko ez ezik, garrantzi handiko hainbat bilera egiteko ere baliatuko du Goiturrek. Hala, Turespaña-rekin eta Estatuko Turismo Idazkaritzarekin elkartu dira, EDEN lantaldearen testuinguruan; baita aurten Euskadin egingo den COETUR Europako Landa Turismoko Kongresuko antolatzaileekin ere.
Garapen Turistikorako Egitasmoak 25 urte
Goitur agentziaren lehen hazia izan zen Goierriko Garapen Turistikorako Egitasmoak 25 urte beteko ditu aurten. EAE mailan, Goierrikoa izan zen egitasmo turistiko propioa landu zuen lehendabiziko eskualdea. Mugarri horrekin batera, martxoaren 20an beteko dira 20 urte Goitur (Goierri Turismoa SL) sortu zela; eta ekimen publikoa eta pribatua uztartzen ere, aitzindari izan zen erakundea.