San Joan eta Bidaurreta auzoak, eraldatze bidean
Ordiziako San Joan auzoan 572 etxebizitza berri egiteko plana onartu zuten duela 15 urte. Zumarragan ere, hasiak ziren Bidaurretako etxe babestuak eraikitzen. Eta Legazpin, Ikatza elkartekoak lokal hobe baten bila zebiltzan.
Ordiziako San Joan auzoa aldaketa handiak bizitzeko prestatzen ari zen, duela 15 urte. Batetik, Abiadura Handiko Trenak auzoa zeharkatuko zuelako, lurpetik bazen ere. Eta bestetik, udalak 500 etxetik gora eraikitzeko aurkeztutako proiektuari aldundiak argi berdea eman ziolako. Hirigintza planak 572 etxebizitza egitea aurreikusten zuen, horietatik 415, babes ofizialekoak. Joxe Arizmendi garaiko hirigintza zinegotziaren ustez, “albiste ona” zen aldundiak plana onartu izana, Ordiziak zuen “etxebizitza arazoari erantzuna” ematen ziolako.
Etxebizitza kontuekin jarraituz, Zumarragan hasiak ziren Bidaurretako etxebizitzen aurreneko fasea eraikitzen. Guztira, babes ofizialeko 102 etxebizitza eraikitzeko proiektua zegoen martxan, fase ezberdinetan banatuta. 300 metroko merkataritzarako gunea eta beste horrenbesteko aparkalekua egiteko asmoa zuen udalak, “auzuneari bizitza propioa” emateko.
Eta kultur arloan, Legazpiko Ikatza argazkilari elkartekoak lokala hobetu nahian zebiltzan. Udalarekin hitzarmena egin zuten, lokala handitzeko. Material berriekin hornitzeko, ordea, dirua behar zuten, eta garagardo azoka antolatu zuten asteburu hartarako. Ordenagailuak, eskanerrak eta flash berriak behar zituztela azaldu zuten elkarteko kideek, besteak beste.