2030eko Itsaso irudikatzen
Itsaso 2030 parte hartze prozesuaren emaitzak aurkeztu ditu udalak. Hiru erronka nagusi izan ditu proiektuak: jasangarritasuna, herri nortasuna eta ongizatea bermatzea
Itsaso 2030 parte hartze prozesuaren emaitzak aurkeztu dituzte, urte horretarako irudikatu duten Itsaso ezagutarazteko. Ekainean hasi ziren Itsaso 2030 plan estrategikoa garatzen, eta uztailean inkestak banatu zituzten 16 urtetik gorako herritarren artean. Parte hartzea %82koa izan zen.
Hiru erronka nagusi zehaztu dituzte: Itsaso herri jasangarria izatea, herritarren ongizatea bermatzea eta herri nortasuna garatzea. Inkestetan lortutako emaitzen bidez, hiru ardatz nagusi ezarri zituzten, oinarrizko beharren arabera: herri bizitza, herritarren partaidetza sustatzeko; enplegua eta tokiko ekonomia, jarduera eta dinamikotasun ekonomia suspertzeari begira; eta hirigintza eta etxebizitza-politika, %80ak bere burua Itsason bertan irudikatzen duelako etorkizunean.
Erronka horiei aurre egiteko, 10 urteetarako herri plangintza finkatzeko ekintza plana jarri dute martxan, zazpi lerro estrategiko finkatuz: herri kohesioan sakondu eta hazkunde orekatua lortzeko hirigintza eta azpiegitura politika abiaraztea, tokikotasunean oinarritutako eredu ekonomikoa eta enplegua sustatzea, herritarrei zuzenduriko ongizate zerbitzu publikoen garrantzia areagotu eta kalitatea hobetzea, gobernantza eredu partehartzaile eta irekia garatzea, herritarren beharrei begira egindako mugikortasuna eredua egituratzea, iraunkortasuna abiapuntu eta jomuga duten proiektuen gauzatzea eta udal kaudimen eta bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzea.
Ekintza zehatzei dagokienez, hainbat proiektu proposatu dituzte: gazte lokala berreskuratzea, etxebizitzak eraikitzeko aurre proiektua lantzea, baserri bideen konponketarekin jarrai- tzea, umeentzako eskola orduz kanpoko jardueren eskaintza garatzea edo osasun zerbitzuak herrian bertan edukitzeko lokala egokitzea, besteak beste.