204 enpresa batzorderen babesa iragarri dute sindikatu abertzaleek
Beasainen eta Legazpin egindako agerraldietan eskualdeko enpresa txikien, ertainen eta handien batzordeen babesa dutela adierazi dute ELAK eta LABek. "Indartsu gaudela argi dago", diote.
“Sindikatuen esku dago enpresetan greba orokorraren lanketa burutzea eta horretan murgilduta gaude buru belarri”, azpimarratu dute ELA eta LAB sindikatuek Beasainen eta Legazpin egindako prentsaurrekoan. Goierrin 204 enpresa batzorderen atxikimendua jaso dutela aditzera eman dute. “Horien artean eskualdeko enpresa txiki, ertain eta handiak aurkitzen dira”. Besteak beste, CAF, Indar, Arcellor Mittal Olaberria, Estanda, GH, Jaso, Belota, Cie eta GKN enpresen eta Beasaingo, Itsasondoko, Legazpiko, Olaberriko, Ordiziako eta Urretxuko udalen babesa dutela aurreratu dute. “Grebaren atarian indartsu gaudela argi dago”, borobildu dute.
Sindikatu abertzaleak dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta sinatu zuten gizarte eragileetako batzuk. “Erakunde sozialok bizitzaren sostengua erdigunean jarriko duen gizarte eredua defendatzen dugu”, esan dute. “Horregatik, greba orokorraren leloak dioen moduan, lan, bizi eta pentsio duinak exijitzen ditugu”. Bost ekinbide nabarmendu dituzte ELAko eta LABeko ordezkariek: “Zapateroren eta Raxoiren lan erreformak bertan behera uztea; 2011ko eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio murrizketak indargabetzea; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; eskubide sozialen bermea, eta lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa”.
Mobilizazioak astean zehar
Giroa berotzeko mobilizazioak iragarri dituzte datozen bederatzi egunetarako. Asmoa kalen presentzia areagotzea da, langile gehiagorengana heltzeko. Era berean, ostiralean Ordizian iragarriko dituzte urtarrilaren 30ean Goierrin egingo diren mobilizazioak.