«Ez dira garaileak saritzen, parte hartzaileak baizik»
Amaia Barandiaranek (Beasain, 1975) laugarren urtez jarraian jaso du Beasaingo sei lasterketak amaitu dituela frogatzen duen Challenge saria. Asteburuan, Garingo mendi lasterketan parte hartu du, eta baita amaitu ere.
Aurten ere Beasaingo Challengea osatzeko asmoa duzu?
Challengea inork ezin du helburu gisa jarri. Inertziaz hasten zara herriko lasterketetan lehiatzen, eta behin Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak edo Marimurumendi amaitzerakoan planteatu dezakezu proba denak amaitzea. Zaila da lasterketa guztietara joateko aukera izatea eta sasoiko egotea. Zortea ere behar izaten da.
Halere, Challengearen bost ediziotatik lau bider lortu duzu, inork baino gehiagotan.
Kasualitatea dela esango nuke. Urte hasieran helburu bat jartzen dut, hala nola, Goierriko Bi Handiak, asfalto gaineko maratoia… Kontua da korrika ibiltzen garenok ez badugu Beasaingo lasterketetan parte hartzen, nork hartuko du? Ez banintz lehiatuko antolakuntza lanetan lagunduko nuke.
Zer pasa zen 2016. urtean?
Sevillako (Espainia) maratoian hartu nuen parte, eta ondo prestatzeko Garingo lasterketari uko egin behar izan nion. Gerora pena apur bat eman zidan, challengea osatu zutenen artean ez zegoelako emakumerik.
Saria jasotzean zer sentitu zenuen?
Neska bakarra nintzen, eta sentsazio gazi-gozoak izan nituen. Askotan iruditzen zaigu oso gogorra dela challengea eta gizonezkoek bakarrik egin dezaketela. Baina ez da hala. Ez dira garaileak saritzen, parte hartzaileak baizik.
Proba kutuna zein duzu?
Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi esango nituzke. Herrian sortzen den giroa berezia izaten da. Goierriko Bi Handietan hiru aldiz hartu dut parte eta Marimurumendin bi aldiz. Gainera, mendian egin nuen lehen lasterketa izan zen Marimurumendi, eta izugarri gozatu nuen bai lasterketan nahiz prestatzen.
Usurbeko igoera gogorra izaten da. Nahiz eta proba laburrena den, gogortasunagatik eta oporretatik buelta izaten delako kosta egiten zait.
Beasaindik kanpoko probetan ere egiten duzu korrika, ezta?
Nire burua behartzeko proba desberdinetan ematen dut izena. Horrela, aitzakia dut zapatilak jantzi eta serio entrenatzeko. Bestela, hotza dela, euria ari duela, nekea dela… kosta egiten zait entrenatzera irtetea. Aste barruan, bereziki. Asteburuan lagun artean mendira joaten naiz.
Nola uztartzen dituzu entrenamenduak eta egunerokotasuna?
Astean lau aldiz irtetea gustatzen zait, baina beti izaten da zerbait. Lanetik etorri eta entrenatzeko indarrak ateratzea izaten da nire borroka.
Nola hasi zinen korrika?
Beti gustatu zait kirola, eta umetan atletismoan ibili nintzen. Halere, unibertsitate garaian utzi egin behar izan nuen. Bealak elkartea sortzean hasi nintzen berriz ere korrika. Lagun artean ibiltzen garenez oso gustura nabil.