Ataungo Udalak aurrekontuaren %17 inbertsioetarako izango du 2020an
Abenduan onartutako 1,9 milioi euroko sail orokorretik 332.500 bideratu ditu hainbat obra eta azpiegitura egitera. Kirol anitzen gunea eraikiko dute antzoki ondoko plazan
Iaz baino 100.000 euro inguru gehiagoko aurrekontua onartu du Ataungo Udalak 2020. urterako. 1.941.691 euroko diru-hornikuntza dauka 2019-2023 agintaldiko lehenbiziko aurrekontuak, abenduaren 19an udalbatzak onartutakoa. Ohiko gastuak estaltzeko beharko dira hiru laurden, baina inbertsioetarako kopuru hazia du: 332.500 euro, aurrekontu osoaren %17.
Diruen zati garrantzitsu bat, 50.000 euro, udal gobernuko EH Bilduk eta oposizioko EAJk abenduan sinatutako lankidetza-hitzarmeneko proiektu adostuak martxan jartzeko izango dira. Zenbait azterketa burutuko dira, eta Botikaetxearen erabilerari buruz parte-hartze prozesu herritar bat egingo da.
EH Bilduk programan agindutako eta herri batzarretan azaleratutako beste zenbait jarduera ere burutuko dira. San Martinen, Herri Antzokiaren eta Intxaurrondo etxearen tartean, kirol anitzeko pista edo kantxa bat eraikiko da, Olaberrian dagoen antzekoa. 25.000 euroko kostua izango du, eta udaberrirako bukatuta egotea aurreikusi du Martin Aramendi alkateak.
Skate edo irristaketa pista bat jartzeko eskaera ere jaso du udalak. «Hurrengo urteetarako», apuntatu dutela dio alkateak.
Kaxio Ibilbidea herri-bide berdea mantentzeko eta toki batzuetan konpontzeko ere, beste horrenbetseko saila zuzendu dute (30.000 euro). San Gregorioko Olalde etxe-multzoaren inguruko urbanizazioa berritzea izango da aurtengo beste lan bat, baita Aia auzoko plaza eta haurren jolas parkea ere.
Arauak egiteko prozesua
Proiektu guztiak batuta diru kopuru handiena eramango duena baserri bideen konponketaren arloa izango da, 75.000 euro. Foru laguntzekin osatuko dute ekinbide bakoitza. Iazko deialdiarekin, Ustatxo zeharreko bidea konpontzen bukatu dute, eta Aldarretakoa eta Errondokoa gauzatuko ditu udalak aurten.
Azpiegitura eta mantenu lanetatik harago, Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorra berritzeari helduko dio Ataungo Udalak 2020an. Lehen ikerketak eskatuko ditu. Oraingo Arauak 2003-04koak dira, eta agortuta egoteaz gain, lege eskakizuna ere bada denbora-mugarena.
«Herriak dituen premia edo behar nagusiak asetzeko aurrekontua osatu dugu. Batzarretan herritarrek aipatu zituzten arloak txertatu ditugu, baita herri programan eta hitzarmenean bilduak ere», dio Aramendik.
Udal zergak, bestetik, KPIren gehikuntzari dagokion %0,8 igotzea onartu du udalak.
Ataungo Udalaren 2020ko inbertsioak:
· Kaxio ibilbidea ………………. 30.000 €
· Baserri bideak ……………….. 75.000 €
· Olaldeko urbanizazioa ……. 52.000 €
· Aiako plaza eta parkea ……. 20.000 €
· Kale argiteria berritu ……… 45.000 €
· Bikarioetxeko igogailua ….. 20.000 €
· Gabillene berritzea …………. 12.000 €
· Kirol anitzeko pista …………. 25.000 €
· Julianene-Tailer zubia …….. 15.000 €
· Liburutegian …………………… 2.000 €
· Herri antzokian ………………. 1.000 €
· Hirigintza arauak berritu …. 25.000 €
· Berdintasun Plaza ……………. 4.000 €